Hitzak horixe dira, hitzak besterik ez. Aldi berean, ordea, gizarteak funtzionatzeko funtsezko erreminta dira eta, zenbaitetan, baita bide berriei ekiteko bultzada ere. Hitzak bidelagun eta lan tresna izan ditu Jon Maia bertsolariak aspaldidanik, eta horretan dihardu orain ere. Martxoaren erdialdean, konfinamenduaren hasiera ziurgabe hartan, Ixolamenduaren Bertsoak izeneko egitasmoa jarri zuen martxan zumaiarrak: beharra zutenentzat edo kaltetuta zeudenentzat bertsoak idazten hasi zen. Horretan zebilela, “kontzientzia hartzen” joan zen Maia, “jende asko pairatzen ari zen egoeraren inguruan”. Bere hausnarketen fruitu, Mañana izeneko artikulua argitaratu zuen Gara egunkarian, eta Berria hedabideak martxan jarritako kulturgileentzako txokoan artikulu bera plazaratu zuen, podcast formatuan.
Testua asko hedatu zen sare sozialen bitartez, eta irakurri zuen jende guztiaren artean, bati behintzat ekiteko bultzada eman zioten hitz horiek. “Ospitalean irakurri zuen artikulua Amaia izeneko Mungiako [Bizkaia] neska batek, ebakuntza bat egin berri zegoela. Asko hunkitu zen, eta pixkanaka, jendea elkartzen joan zen artikuluaren bueltan”, azaldu du bertsolariak. Testua beste hizkuntza batzuetara itzultzen hasi ziren, munduan zehar zabaldu ahal izateko. Ondoren, erabaki zuten webgune bat sortzea jendeak artikuluari atxikimendua eman ahal izateko, eta horren emaitza da bestemundubat.eus ataria.
Birpentsatzeko gonbita
Zer dio, baina, horren ezagun egin den idazki horrek? Maiak eta bidean berarekin bat egin dutenek zabaldu nahi duten ideia da “osasun —eta ekonomia— krisia aukera bat” dela “mundua birpentsatzeko eta aldatzeko”. “Ideia ez da besterik, beste mundu bat posible dela zabaltzea eta laguntzea horretan ari diren talde, elkarte eta herri mugimendu guztiei”. Eskatzen dena ez da jendeak egitasmo batean parte hartzea, baizik eta, besterik gabe, ideia horrekin bat egitea eta bakoitza dagoen lekutik sistema aldatzen saiatzea.
Webgunea sortzen aritu dira azken asteetan, eta astelehenean jarri zuten martxan. Testua irakurri zein entzuteaz gain, artikuluarekin bat egiteko aukera ere badago bertan. Horretarako, Gaindegiak mapa bat egin die, eta bertan ikus daiteke munduko zein bazterretatik egin duten bat testuarekin. Horrez gain, webgunean aukera dago bakoitzak nahi duen hausnarketa, marrazki, argazki, poema, kantu edo beste edozer igotzeko, beste mundu bat posible denaren ideiaren bueltan.
Hitzen eraginaz
“Idazten duzunean ez duzu pentsatzen ondoren zer gertatuko den”, dio Maiak; “harritu” egin zen mezuaren eraginaz ohartzean. Etorkizunetik proiektatua dago idazkia, mundua aldatzea lortu izan balitz bezala. Azaltzen du iraganean gertatutako gauzek hainbeste pentsarazi ziotela jendeari, ezen martxan jarri, eta krisiaren aurrean altxatu baitziren, beste mundu bat eraikitzeko. “Ikusten duzunean hitz horiek ekintza bihurtzen direla, pentsatzen duzu ‘ze ondo, horretarako idazten dugu’”.
Gertatu den guztiak hausnartzeko beta eman dio zumaiarrari, eta irmo defendatzen du gauzek aldatu beharra dutela: “Ezin dugu jarraitu desberdintasun sozial hauen gainean mundua eraikitzen. Ezin dugu jarraitu oinarrizko zerbitzuak ahultzen, izan osasuna, izan pentsioak, izan zerbitzu sozialak. Ezin dugu mugarik gabeko desarrollismo basati horretan jarraitu eta pentsatu munduak berdin iraungo duela, ez da jasangarria bizimodu hau planetarentzat. Ezin dugu arrazakeriaren gainean funtzionatzen jarraitu, ezin dugu emakumearen esplotazio sistematikoaren gainean gizartea eraikitzen jarraitu”. Gertatu den guztiaren ostean, borroka sozialak «indartuta» aterako direla uste du. “Ez du balio dirulaguntzak eta partxeak jartzeak. Konponbide sakonak eta definitiboagoak behar dira”, gaineratu du.
Maiak dio berak ezin duela geldirik egon “mundua nola erortzen den begira”. Egoera honetatik atera duen lezioetako bat da “denok salbatzea” dela “norbera salbatzeko modu bakarra”. Ildo horretatik, gizarte “indartsu eta ahaldundu” bat eraiki nahi du, “oinarrizko eskubideak asebeteta” dituena, eta ez “etengabeko kontsumoa” bilatzen duena, “oinarrizkoa ez daukagunean”.
Horretarako hitzen, bertsoen eta kantuen indarrean sinesten du bertsolariak, haren arabera, “edozein txinpartak” piztu dezakeelako sua, eta su horrek lagundu dezakeelako palankaren eragina izaten gizartean. Horrek asebetetzen du gehien Maia, hain zuzen: “Edozein sariren gainetik, satisfazio handiena hori da niretzat. Egiten duzun sorkuntzak gizartean eragiten duela eta emaitza uzten duela sentitzea. Hau da kasu horietako bat”.
Utopiarantz
Ez dira nolanahikoak bertsolari zumaiarrak mahai gainera ateratako asmoak. Gainera, izan dira, eta izango dira gerora ere, hainbat mugimendu borroka horietan murgilduak. “Hau ekimen bat gehiago da, umila eta txikia, norabide horretan”, azaldu du. Horren urrun dagoenean ortzimuga, helburura ez iristea “frustrantea” izan daitekeela uste du Maiak, baina bera “bidean egiten” duenak betetzen du. “Nik nahi dut gizarte eredua aldatu, baina aurretik jakinda ere ez dudala lortuko, berdin-berdin hasiko dut bidea. Hori da nire obligazioa bizitzan”. Ortzimugarekin alderatu du bilatzen den utopia hori, eta utopiak “ibilarazi” egiten duela dio. “Beharbada ez zara iritsiko amesten duzun mundu utopikora, baina iparra markatzen dizu, eta ez da alferrikakoa utopikoa izatea”.