Langabezia tasak gora egin du maiatzean ere

Baleike 2020ko eka. 9a, 10:25

Urte hasieratik apirilera 1,3 puntu igo da Zumaian langabezia tasa: %7,6tik %8,9ra. Maiatzeko datuen arabera, berriz, beste 0,2 egin du gora langabeen ehunekoak. 

Osasun krisialdia ez ezik, ekonomian ere ekarri ditu ondorioak koronabirusak. Azken hilabeteetan gora egin du langabezia tasak Euskal Herriko txoko gehienetan, baita Zumaian ere. Lanbidek emandako datuen arabera, urte hasieratik apirilera 1,3 puntu igo zen langabezia herrian; hau da, %7,6tik %8,9ra igaro zen lanik gabe zeuden zumaiarren ehunekoa. Maiatzean ere joera berretsi egin da joera, eta 0,2 igo da tasa: hain zuzen ere, maiatzeko datuen arabera, %9,1 da Zumaiako langabezia tasa.

Urola Kostako langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,2) azpitik dago. Eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak maiatzean, eta guztira, 3.555 lagun ziren lanik gabe hil horren hondarrean, apirilean baino 108 pertsona gehiago.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak: Aia %7,1 (apirilean, %6,5); Aizarnazabal %13,2 (apirilean, %13,4); Azkoitia %9,9 (apirilean, %9,5); Azpeitia %9,9 (apirilean, %9,4); Beizama %8,5 (apirilean, %6,8); Errezil %6,7 (apirilean, %5,7); Getaria %8,1 (apirilean, %7,7); Orio %9,9 (apirilean, %9,5); Zarautz %9,3 (apirilean, %9,1); Zestoa %9,5 (apirilean, %9); Zumaia %9,1 (apirilean, %8,9).

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena, baina aldi berean horixe izan da tasak maiatzean zertxobait behera egin duen herri bakarra. Aldiz, apiriletik maiatzera igoera nabarmenena izan duten herriak Beizama –apirilean baino langabe bat gehiago–, Aia –sei langabe gehiago–, Azpeitia –31 langabe gehiago– eta Zestoa –zortzi langabe gehiago– dira, aldeak alde. Eskualdeko tasa (%9,4) gainditzen duten herriak, berriz, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Orio eta Zestoa dira.