Gaur ere Gipuzkoan ez dute zenbatu koronabirus kasu positibo berririk

Osasun Sailak jakitera eman duenez, zortzi kasu berri atzeman dituzte hiru lurraldetan: launa Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan gaur ere ez dute zenbatu COVID-19 kasu berririk. Gaur helarazitako datuen arabera, gaitza agertu denetik ekainaren 1era bitartean Zumaiako 54 herritarrek eman dute positibo koronabirusagatik.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zortzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, atzo baino lau gehiago. Araban eta Bizkaian atzeman dituzte zortzi kasuak —launa kasu bi lurraldeetan—; Gipuzkoan, aldiz, ez dute kasu berririk hauteman.

Osasun Sailak, gainera, herrikako datuak jakinarazi ditu gaur. Gaitza herrian lehenengoz agertu zenetik ekainaren 1era arteko datuak eman ditu. Zumaian 54 herritarrek eman dute positibo bitarte horretan. Joan den igandean, berriz, maiatzaren 25era arteko datuak eman zituen Osasun Sailak, eta orduan 53 ziren kutsatuak. Beraz, azken astean kasu berri agertu da Zumaian.

Zumaiako datuez gain, eskualde mailan, beste hiru kasu atzeman dituzte maiatzaren 25etik ekainaren 1era bitartean, hain zuzen ere, bi Zarautzen eta bat Orion. Azterketa herriz herri eginda, ekainaren 1era arte 203 lagunek eman dute positibo Zarautzen, 54 kasu zenbatu dituzte Zumaian, 28 Orion, 22 Azkoitian, hamazortzi Azpeitian, zortzi Getarian, zazpi Aian, bost Zestoan eta hiru Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusagatik kutsatutako herritarrik zenbatu gaitza agertu zenetik. Gaitzaren agerpenetik ekainaren 1era bitartean 348 herritarrek eman dute guztira positibo eskualdean COVID-19agatik.

Testak eta hildakoak

Guztira, 2.423 proba egin zituzten atzo; horietatik 1.884 PCRak eta 539 test serologikoak. Krisia hasi zenetik gaur arte COVID-19 gaitzak kutsatutako 20.137 kasu zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 16.996 pertsonek jaso dute senda-agiria, %84,3ak hain zuzen ere; atzo 43 lagunek jaso zuten senda-agiria. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), bestalde, hamazortzi pertsona daude gaur gaurkoz. Azken orduetan, berriz, hiru lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.574 pertsona hil dira COVID-19 gaitza martxoan agertu zenez geroztik.