Hirugarren faserako neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Eguerdian eman dute prentsaurrekoa Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek, eta hainbat neurri berri iragarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako.

Atzo jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herria hirugarren fasera igaroko dela. Etzi, ekainak 8, sartuko da, beraz, Zumaia ere normaltasun berrira itzultzeko azken fasean. Hori horrela, hainbat neurri malgutu egingo dira. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian koronabirusaren bilakaerari buruzko informazioa eman du, eta bide batez, fase berrira sartzeko baldintzak zein diren jakinarazi ditu. Bihar argitaratuko ditu neurriak dekretu bidez Iñigo Urkullu lehendakariak Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian.

Pertsonak inolako mugarik gabe mugitu ahal izango dira azken fasean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zehar. Halere, 70 urtetik gorako pertsonentzako eta kolebtibo ahulenentzako lehentasun tarteari eustea erabaki du Jaurlaritzak, hau da, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Garraioa

Garraioari dagokionez, trenbide eta errepide sarearen maiztasuna eta edukiera %100ean berreskuratu ahal izango dela azaldu du Jaurlaritzak; baldintza hori betetzeko, ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin beharko da bidaia soilik. Bidaietan, gainera, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean segurtasun distantzia mantendu beharko da.

Bilkurak

Hirugarren fasean 20 laguneko familia eta gizarte bilerak egiteko aukera egongo da etxebizitzetan, lokal pribatuetan eta erabilera publikoa duten espazio irekietan. Horretarako, ordea, osasun agintariek ezarritako babes pertsonaleko arauak eta distantzia errespetatu beharko dira.

Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak

Haurtzaindegiek eta haurreskolek ateak zabaltzeko aukera izango dute zero eta hiru bitarteko haurrentzat. Edukiera eta ratioa, ordea, %60ra mugatu beharko da kasu horietan. Halaber, haurrei eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berrekiteko baimena eman du Jaurlaritzak. Aire zabalean zein leku itxietan egingo diren jardueretan, %60ra mugatuko dute parte hartzaileen kopurua. Aire zabaleko jardueretan 200 lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez, begiraleak barne. Leku itxietan egingo diren jardueretan, berriz, 80 lagunek izango dute parte hartzeko aukera, begiraleak barne. Jarduera aire zabalean zein leku itxian izan, parte hartzaileak 15 laguneko taldetan antolatu beharko dira —begiralea barne.

Hezkuntza

Ibaiondo adingabeen barneratze-zentroan eta Ospitaleko, Etxeko eta Hezkuntza Terapeutikoko hezkuntza-arretarako lurralde-zentroetan hezkuntza-jarduerari eta aurrez aurreko prestakuntzari berrekitea xedatzen da.

Ostalaritza, turismoa, sozietateak eta merkataritza

Merkataritza establezimenduetan eta lokaletan, minoristetan, azoka txikietan, merkataritza-guneetan eta parkeetan gehieneko edukiera %60koa izango da, eta espazio komunak edo jolas-guneak badaude, muga bera errespetatu beharko da. Parkeen kasuan, udaletxe bakoitzak erabaki ahalko du nola eta noiz ireki, bakoitzarena baita horien gaineko eskumena.

Mahaien zein mahai multzoen artean bi metroko distantzia bermatzen badira, ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta sozietateetako establezimenduetan eta zerbitzuetan edukiera muga kendu egingo da astelehenetik aurrera. Gainera, gune horietara sartzea eta barran zerbitzua ematea baimenduta egongo da. Diskotekek eta gaueko tabernek, ordea, itxita jarraitu beharko dute.

Hoteletako eta turismo ostatuetako eremu komunetan, bestalde, %60ko edukiera muga egongo da eta pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da. Gainera, turismo aktiboko eta izaera eta jarduera fisikoko jarduerak gehienez 30 pertsonarekin egin ahal izango dira.

Kultur jarduerak, aisialdia eta azokak

Liburutegiak, museoak, azoka guneak, erakusketa-aretoak eta zinemak %60ko edukieran ireki ahalko dira gehienez. Leku itxietako kultur jardueretan baimendutako gehienezko edukiera %60koa izango da, gehienez ere 80 pertsona, eta besaulkia aurrez esleitu beharko da. Aire zabaleko kultur jardueretan ere baimendutako gehienezko edukiera %60koa izango da, gehienez ere 1.000 pertsona. Kasu horretan ere eserlekua aurrez esleitu beharko da.

Kirola

Kirol-instalazioetan —igerilekuak barne— baimendutako gehienezko edukiera %60koa izango da. Aldagelak eta dutxa guneak erabiltzeko aukera egongo da instalazio horietan, pertsonen arteko gutxieneko distantzia errespetatuz.

Era berean, ekainaren 20an lehiaketekin hasi ahal izateko, entrenamenduak eta lan saioak taldean berrekitea baimendu du Jaurlaritzak, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, banku finkoko arraunean eta pilotako modalitate guztietan. Gainerako kirol-diziplinetan, berriz, taldean entrenamenduak egitea baimenduta egongo da, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatuta.