Bertan behera geratu dira Itzurun-Arranpla igeriketa saioa eta Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Baleike 2020ko eka. 3a, 11:09

COVID-19 gaitzaren ondorioz Zumaiako kirol egutegiko beste bi proba erori dira: Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldia, eta Dinastia Etxabe pilota txapelketa.

Kirol jarduera ugari geratu dira bertan behera koronabirusak eragindako krisialdiagatik. Eskubaloi eta futbol ligak, eta eskola kirola izan dira, besteak beste, eten behar izan duten jarduera batzuk. Maiatzean jokatzekoa zen Flysch Trail mendi lasterketa, hasiera batean, udazkenera mugitzekotan egon ziren, baina azkenean datorren urterako uztea erabaki dute antolatzaileek. Orain udako kirol egutegiko beste bi saio ere suspenditu behar izan dituzte.

Uztailaren 4an zen jokatzekoa Itzurun-Arranbla igeriketa zeharkaldia. Federazioak zeharkaldi hauek guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, Zumaiakoa barne. Taosa igeriketa taldeko lagunek orain bizpahiru aste adierazi zieten udaleko kirol arduradunei erabaki horren berri. Zeharkaldi honetarako izen-ematea oraindik zabaldu gabe zegoen.

Dinastia Etxabe pilota txapelketak, berriz, datorren urtera arte egon beharko du zain 49. edizioa jokatzeko. Pilota frontoietara itzuliko den, eta hala bada, publikoarekin edo publikorik gabe izango den, oraindik eztabaidatzen ari dira. Zumaiako Pilota Elkarteak, behintzat, erabaki du aurtengo Dinastia Etxabe txapelketa beteranoa ez dela jokatuko. 

Zumaiako Triatloia printzipioz mantendu egiten da kirol egutegian, baina egoeraren bilakaerakin ikusiko da jokatzen den edo ez.