Zumaia eta Deba arteko tren zerbitzua, martxan

Baleike 2020ko eka. 1a, 17:53

Lanak amaitu dituzte dagoeneko, eta gaurtik aurrera, Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua eskainiko dute berriz ere. Euskotrenek neguko ohiko ordutegia ezarri du berriro, larunbat gauetako trenei dagokiena izan ezik. 

Zerbitzua berriro zabaltzeko trenbidea jarri, katenaria instalatu eta seinaleztapenak kontrolatzen dituzten komunikazioak berrezarri ondoren, abian da berriz ere Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua. Iazko azaroan moztu zuten zerbitzu hori Sakoneta II tunelean luizia izan ondoren, eta zerbitzua autobusez eskaini dute ordutik. 

Azken asteetan trenbidea mantentzeko eta berriztatzeko, garbitzeko, sastrakak kentzeko eta ezpondak eusteko lanak ere egiten aritu direla azaldu dute arduradunek, gune zabalean, Sakoneta II tunelaren alde batean eta bestean, linea zerbitzurik gabe dagoela eta lanak egunez egin daitezkeela baliatuz.

Lanek 3,6 milioi euro inguruko gastua eragin dute, eta horietatik 1,2 milioi euro autobusak erabilita egin diren ordezko bidaietarako erabili dira. Halaber, Euskal Trenbide Sareak azaldu duenez, 1.400 metro trenbide berriztatu dira, 3.000 metro kubiko lur hondeatu eta hondakindegira eraman dira, eta 400 metro lineal mikropilote, 1.400 metro lineal buloi eta 800 metro zertxa erabili dira, guztiak ere eusteko lanak egiteko.

Neguko ordutegia
Zerbitzuari dagokionez, Euskotrenek neguko ohiko ordutegia ezarri du berriro, larunbat gauetako trenei dagokienez izan ezik. Ekainaren 1etik bertan behera geratuko dira, baita ere, obrak egiten ari ziren bitartean, ordezko garraio zerbitzuaren zain denbora gehiegi ez egoteko, Zumaia eta Amara artean asteburuetan eta jaiegunetan ematen ari ziren zerbitzuak. Horrela, kostaldeko lineako maiztasuna 30 minutuz behingoa izango da lanegunetan eta ordutebetez behingoa larunbat, igande eta jaiegunetan.