KAE eta ETE ligetako hamabi estropadak bost eremutan jokatzea proposatu dute

Maria Maya Manterola 2020ko mai. 30a, 11:53

Kantauriko Arraun Elkarteak egin du proposamena, eta klubek bihar arteko epea dute bozkatzeko. Estropadak Getarian, Pasaian, Getxon eta Kantabriako (Espainia) Castro Urdialesen eta Santanderren jokatuko lituzkete. Zumaiako arraun taldeak, hain zuzen, KAE1 eta ETE ligetan lehiatuko dira aurten.

Egutegia eta estropada eremuak zehazten dituen proposamena bidali die aste honetan Kantauriko Arraun Elkarteak klubei, eta bihar arteko epea dute bozkatzeko. Proposamenean jasotakoaren arabera, hamabi estropada jokatuko dituzte KAEko bi ligetako eta ETE ligako taldeek, bost eremutan banatuta. Hasieran Getaria, Pasaia eta Castro Urdiales (Kantabria, Espainia) zituzten zehaztuta, eta Getxo eta Santander (Kantabria, Espainia) gehitu zaizkie orain. Beraz, litekeena da Getarian eta Getxon hiruna estropada jokatzea, eta bina Pasaian, Santanderren eta Castro Urdialesen.

Uztailaren 11n hasiko da lehia hiru ligetan, Pasaian, erlojuaren aurkako estropadan. Zortzi estropada jokatuko dituzte guztira, proposamenaren arabera. Horrez gain, zehaztu dute talderen batek KAE 1etik KAE 2ra jaistekotan bada COVID-19ak eraginda, talde hori ez dela jaitsiko. KAE 2tik goiko ligara igotzeko, berriz, zortzi estropada jokatu beharko dituzte. Bi talde igoko dira KAE 1era, eta beste bi jaitsi KAE 2ra. Abuztuaren 30ean amaituko dira hiru ligak. 

Zarauzko, Zumaiako eta Orioko gizonezkoen taldeak KAE 1 ligan lehiatuko dira, eta Zumaiako emakumezkoen taldea, ETE ligan izango da.