Kiroldegia astelehenean irekiko dute

Baleike 2020ko mai. 29a, 17:40

Lubaki kiroldegiko zerbitzu batzuk martxan izango dira astelehenetik. Horietan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea, eta erabiltzaileek prebentzio neurriak bete beharko dituzte.

COVID19ak sortutako krisiagatik itxita egon da kiroldegia, beste udal eraikin batzuen antzera. Astelehenetik aurrera, prebentzio eta segurtasun neurriak beteta, martxan jarriko da kiroldegia. Erabilera mugatua izango da: ekainaren 1ean, astelehenean, kardio gunea, fitness gunea, eta padel eta teniseko pistak irekiko dituzte. Astebete beranduago irekiko dute igerilekua, ekainaren 8an. Sauna eta spa guneak oraingoz ez dira erabilgarri egongo, horietan segurtasun eta prebentzio neurriak betetzeko dauden zailtasunengatik.

Erabiltzaileek ezingo dituzte dutxak erabili, eta hainbat prebentzio neurri bete beharko dituzte. Aldagelen kasuan, igerilekuko erabiltzaileek soilik erabili ahal izango dituzte. Sarrera eta irteerako seinaleak errespetatu beharko dituzte, eta orokorrean, distantzia eta higiene neurriak mantendu.

Udalak nabarmendu duenez, ahalegin handia egin dute kiroldegiko zerbitzua eman ahal izateko, eta aldi honetan bertako 21 langileen lanpostuei eusteko. Azaldu du, oraingoz zerbitzua ezingo dela normaltasun osoz eman, baina hainbat eremu lehen baino hobeto daudela. Horren adibidez bezala, bizikletak eta korrika egiteko zintak dauden kardio gunean lehen baino makina gehiago daudela azpimarratu du.

Aurrez hitzordua hartuta
Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu ahal izango dute zita, kiroldegiko 943-86 20 21 telefono zenbakira deituta (6:30-21:00 ordutegiab). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute. 

Erabiltzaileek, gehienez, egun bakoitzean eremu guztiak behin erabiltzeko erreserba egin ahal izango dute. Kardio eta fitness guneetan ordu beteko txandak egingo dituzte; padel eta tenis pisten erabilerarako, orain arteko arauak mantenduko dituzte. Eremuko zaintzaileari ordu-muga luzatzeko eskaera egin ahal izango zaio, betiere momentuan espazio libreak baldin badaude.

Adinekoentzat eta arrisku taldeetako kideentzat lehentasunezko ordutegia jarri dute: 9:30etik 10:30era. Horiek, nahi izanez gero, lehentasunez hartu ahal izango dute hitzordua tarte horretan.

Gainera, familiek igerileku handia erabiltzeko lehentasuna izango dute 16:30etik 17:30era; igerileku txikia egun osoan zehar erabili ahal izango dute familiek, bakoitzak ordubetez. Hauentzako aldagela berezi bat prestatu dute.

Ordutegi berria
Kiroldegiak ordutegi berria izango du hemendik aurrera, erabiltzaileek egindako eskaerak kontuan hartuta. Astelehenetik ostiralera 6:30etik 21:30era egongo da zabalik; larunbatetan 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara; eta igande eta jai-egunetan 9:00etatik 14:00etara.

Kuoten ordainketa
Kuotei dagokionez, erabiltzaileek ohiko kuotaren %70a ordainduko dute zerbitzuak bere normaltasunera itzuli bitartean.

Kiroldegia itxita egon den aldian erabiltzaileek ez dute kuotarik ordaindu, eta martxoan itxita egondako egunen ordainketa orain deskontatuko dute ekaineko kuotatik. Zentzu horretan, Udalaren izenean adierazi dute erabiltzaileek ez dutela itxita egon den aldiko ordainketarik egingo.

ARAU OROKORRAK

  • Eskuak garbitu
  • Segurtasun distantzia mantendu (bi metro)
  • COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero ez etorri kiroldegira, eta gelditu etxean
  • Arrisku talde bateko kideek (65 urtetik gora, gaixotasun kronikoak...) horiei zuzendutako lehentasunezko ordua erabili ahal izango dute: 09:30-10:30
  • Hitzordua hartu (943-86 20 21), gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin. Egunean eremu bakoitza behin erabili ahal izango da
  • Etxetik aldatuta etorri eta jarduera egiteko beharrezkoak norberak ekarri (eskuzapia, ura…)
  • Baliozko elementuak ez ekarri (ez dago takilarik).
  • Irteera zehaztutako lekutik egin
  • GAINONTZEKO ERABILTZAILE ETA LANGILEAK ERRESPETATU