Zabor-tasa malgutu eta materialez hornitzen lagunduko die enpresei UKUEk

Baleike 2020ko mai. 28a, 17:37

Babes-materiala erosi ahal izateko 400.000 euroko diru-lerroa bideratuko dute. Urtearen amaierara arteko zabor-tasan %50eko hobaria izango dute geldi egon diren enpresek.

COVID-19ak eragindako krisialdiak gogor kolpatu ditu eskualdeko enpresa gehienak, eta Urola Kostako Udal Elkarteak bere aurrekontua berrantolatu du horiei bultzada eman ahal izateko. Udal elkartea osatzen duten eskualdeko ordezkariek aho batez onartu dituzte martxan jarriko diren lehen bi neurriak. 

Batetik, 400.000 euroko diru-lerroa bideratuko dute enpresa, autonomo, merkatari eta ostalariek segurtasun neurriak hartzen laguntzeko. Enpresek beren jarduna berreskuratu ahal izan dute, baina martxan jarri aurretik inbertsio gehigarria egin behar izan dute segurtasun neurriak behar bezala bete ahal izateko.  Enpresa horiek maskarekin, eskularruekin eta bestelako babes-materialarekin hornitu ahal izateko, eskualdeko hornitzaileengana joko dutela eman du jakitera Lourdes Salsamendi udal elkarteko presidenteak. "Zerrenda bat prestatzen ari gara, gastu hori bertako enpresetan egiteko", azaldu du. Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta oinarriak lantzen ari dira orain, eta enpresak ekainean eskaera egiteko moduan izango direla aurreratu du Salsamendik. Haren arabera, laguntza hori eskualdeko enpresen eskarien erantzuna izan da.

Hartu duten bigarren erabakia zabor-tasarekin lotuta dago. Etenda egon diren jarduerei ez diete kobratuko bigarren hiruilekoko tasa, eta hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan %50eko hobaria aplikatuko zaie. Neurri hori ere enpresen "berraktibazioan laguntzera" dago bideratuta. Guztira, 1.450 enpresari ezarriko diete hobaria.


Kezkak, alde guztietatik

Gauza jakina da larria dela hainbat sektoreren egoera. Hori dela eta, udal elkarteaz gain, ugari dira bertako enpresak sustatzeko dirulaguntzak ateratzen ari diren instituzioak. Egoera berri horren aurrean enpresa asko "nahastuta" daudela azaldu du Salsamendik, eta udal elkartea enpresa horiei tramitazio eta kudeaketa lanetan laguntzen aritu dela ere esan du: "Orain, gure giza-baliabide guztiak enpresen beharretara bideratuta ditugu".
 
Kontrataziorako udal elkarteak bideratzen dituen laguntzen inguruko kezka ere azaldu du Salsamendik. "Jarraituko dugu laguntza horiekin, baina kontratazio horiek mantendu ahal izateak kezkatzen gaitu". Murrizketak egin beharko badituzte ere, berraktibaziorako eta formakuntzarako lerroei eustea da UKUEren asmoa. Industria sektorea izan du hizpide, besteak beste, Oier Korta udal elkarteko presidenteordeak. "Bailarako enpresa indartsuenak kaltetuta daude. Horrek kezka pizten du, eta erakundeok, ahal dugun heinean, esku hartuko dugu industria jarduera ere bultzatzeko, nahiz eta arazo hori globalagoa den".

UKUEk egoera berrira egokitu behar izan du aurrekontua. Aurrez pentsatuta zituzten proiektu batzuk ezingo dituzte burutu, besteak beste, aurrez aurreko klaseak beharko lituzketelako. Horrez gain, turismora begira egindako Ongi Etorri Euskararen Herrira proiektua ere bertan behera geratu da, Salsamendiren arabera, une honetan "zentzugabea" delako. Horretarako dirua COVID-19aren eraginak leuntzeko bideratuko dute.