"Norberaren etxea egoera psikologikoaren islada izaten da"

Izaro Altzibar 2020ko mai. 27a, 09:28

Badirudi konfinamenduko asteak aproposak izan direla etxe, garaje eta ganbarak txukundu, eta horiei errepaso ona emateko. Gizakiek garbitasunarekin duten harremanaz aritu da Maria Zunzunegi (Zestoa, 1988) psikologo zestoarra.

Zergaitik egin ditugu horrenbeste garbiketa konfinamendu garaian?

Orain arte gure bizitza etxean, lantokian eta kalean egiten genuen, eta etxeko garbiketa eta ordenak beharbada ez zuen hainbesteko garrantziarik, bizitza hainbat espaziotan egiten genuelako. Baina, aurreko asteetan, gure etxea izan da gure egunerokotasunaren ardatza; beraz, eremu garrantzitsuena. Horregatik, arreta handiagoa jartzen hasi gara etxeko garbitasunari eta ordenari. Geure buruarekin eta geure etxearekin dugun harremana asko estutu da konfinamendu garaian, eta ongizatea sentitzeko beharra izan dugu. Norberaren etxea egoera psikologikoaren islada izan ohi da, eta garbiketa zein txukuntze lanek oreka lortzeko edo berreskuratzeko balio dezakete.

Zer eragin psikologiko ditu garbiketa handiak egiteak?

Askotan zaila izaten da barne prozesuan aritzea, eta ingurua txukuntzeak erreflexu moduan egiten du lan. Garbitzeak erabakiak hartzera behartzen gaitu; izan ere, beharrezkoak ez ditugun objektu asko gordetzen ditugu. Objektu horiek kentzeak iraganeko bizipenetatik askatzea eskatzen du. Bizitakoa atzean uztera behartzen gaitu, eta beharrezkoa dugun horrekin bizitzean, orainaldian zentratzen gara. Azkenik, etxea aireztatzea eta argi naturala sartzea beharrezkoa dira gure deskantsurako eta osasunerako.

Zer emozio edo sentimenduri lotuta dago garbitzea?

Oraina bizitzearen aldeko apustuarekin, eta objektu zein pertsonekiko mendekotasunarekin eta askatzearekin. Azkenean, etxeko gauzek aspektu emozional bat ere badute, istorio eta iragan bati lotuta. Etxea garbitzean, gure bizi espazioaren zati bat ari gara garbitzen, eta beharrezkoa ez dugunaz askatzean, pertsona edo oroitzapenetatik askatzeko pausoak ematen ari gara.

Gauza edo toki ezberdinak garbitzen dira egoera emozionalaren arabera?

Txukuntze eta garbiketa prozesuak oso pertsonalak dira, eta ezberdinak pertsona bakoitzean. Etxeko objektuen edo espazioen karga emozinalaren araberakoa izango da garbiketa.

Garbitzeko modu desberdinak al daude?

Bai. Desberdina da objektuak mugitu gabe garbitzea, hau da, atera garbitu eta bere horretan uztea, objektuak txukuntzea, edo objektuaren beharraz gogoeta eginez garbitzea, eta beharrezkoak soilik mantentzea. Izen berak interpretazio desberdinak izan ditzazke.

Esanahi desberdina du bakoitzak?

Emozio ezberdinak baino, horiek intentsitate ezberdinean biziko ditugu egiten dugun garbiketa motaren arabera. Eta horrela landuko ditugu gure garbiketak ere, objektu horien inguruan gogoeta egiten badugu.