Ez dute kutsatu berririk zenbatu Gipuzkoan

Baleike 2020ko mai. 26a, 14:36

Sei kasu berri zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; guztiak, Bizkaian. Hiru lurralde horietan azken 24 orduetan hildakoak bost izan dira, atzo baino bat gutxiago.

Seigarren egunez jarraian, Osakidetzak ez du koronabirus kasurik hauteman Gipuzkoan. Kutsatzeei dagokienez, sei kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; guztiak, Bizkaian izan dira. Azken 24 orduetan hildakoak, berriz, bost izan dira lurralde horietan, atzo baino bat gutxiago. Nafarroako datuak ez ditu jakinarazi oraindik hango gobernuak.

Azken egunetan COVID-19 gaitza atzemateko proba gehiago egiten ari da Osakidetza. Atzo, esaterako, 3.661 proba egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2.331 PCR proba eta 1.330 test azkarrak. Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik 19.469 positibo zenbatu dituzte hiru probintzia horietan, eta pertsona horien %90ek jaso dute senda-agiria (17.530). Kutsatutakoen %7,7 hil da guztira: 1.505 pertsona. Bestalde, 28 lagun daude ZIUn ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino bost gutxiago. Horrez gain, Osakidetzak emandako datuen arabera, kutsatu bakoitzak 0,69 pertsonari pasatzen dio birusa gaur, birusak mantentzeko behar duen kopurutik (1) behera.