Zumaiako ikastetxeek zabaldu dituzte ateak, Jaurlaritzaren agindua jarraituz

Baleike 2020ko mai. 25a, 14:59

Gaur itzuli behar zuen ohiko jarduerak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara, DBH4 eta Batxilergoko ikaslei dagokionez. Zumaiako ikastetxeek ateak zabaldu dituzte Jaurlaritzaren aginduari erantzunez.

Cristina Uriarte buru duen Sailaren aginduak zalaparta handia sortu zuen hezkuntza komunitatean. Hasiera batean, hilaren 18an zabaldu nahi zituen eskolak koronabirusagatik bi hilabetez itxita egon ondoren. Arinaldiko fase horretan ikastetxeak zabaltzeko eskumenik ez zuenez, erabakia astebete atzeratu zuen Hezkuntza Sailak, maiatzaren 25era arte. Irekiera horren aurka agertu ziren sindikatuak zein ikasle beraiek. Ikastetxeetako zuzendaritzek zalantzak zituztela eta erabakiaren jakinarazpen ofizialik jaso gabe zeudela adierazi zuten bere garaian.

Alarma egoera honetan eskola itxi ez duela azpimarratu du Zumaiako Institutuko zuzendaritzak. "Institutua beti egon da zabalik; konfinamenduko une gogorrenean ere zabalik izan dugu. Beti egon da norbait eskolan, eta beste irakasleak etxetik aritu dira lanean. Gaur bertan ere zuzendaritza osoa hemen dago. Matrikulazio kanpaina ere martxan izan dugu; online egiten ari gara, baina zalantzak dituzten gurasoak hona etorri izan dira. Maskarak jarrita artatu ditugu".

Gaurkoan maila horietako ikaslerik joan ez dela dio Institutuko zuzendaritzak. "Batxilergoko ikasleak pasa den ostegunean izan ziren eskolan, gelak prestatzen, eta garbitzen laguntzen. Neurri guztiak hartuta egon ziren eskolan, eta tenperatura ere hartu zitzaien sarreran", dio zuzendaritzak.

Ikasturte amaierarako prestatutako plangintza jarraitzen ari direla adierazi du Institutuko zuzendaritzak. "Plangintzako puntu batzuk atzera bota dizkigute, eta berplanteatu beharko dugu. Errekuperazioko azterketak presentzialak izango dira, baita selektibitatea prestatzeko saioak ere. Beti talde txikietan, hori bai".

Denbora honetan izandako iritzi aldaketen kexu dira. "Egunero joan dira aldatzen, eta askotan iritzi kontrajarriak ere izan dira. Beti gaude postari begita, agindu edo iritzi berririk heltzen bada ere".

Zumaiena ere zabalik 

Zumaienak ere goizean zabaldu ditu ateak, Jaurlaritzaren aginduak jarraituz. "DBH4ko ikasleak ekainera arte ez dira itzuliko, eta etortzen direnak ere talde txikitan egongo dira", azaldu du ikastetxeko zuzendaritzak. Errefortzua edota beharrak dituzten ikasleak izango dira eskolara itzuliko direnak. Batxilergoko ikasleei dagokionez, ikasturtean zehar ere taldekatze txikitan egiten dutela gaineratu du. "Espazioak eta ordutegiak berrantolatu dira klaseak bideratu ahal izateko, segurtasun neurri guztiak gordeta, eta ikastetxean ahalik eta jende gutxien aritzeko".