Udaletxea eta turismo bulegoa zabaldu dituzte, baina joan aurretik deitu egin beharko da

Baleike 2020ko mai. 25a, 11:15

Udal eraikin batzuk zabaldu dituzte dagoeneko, arinaldiko bigarren fasean. Hala ere, joan aurretik deitu egin beharko da. 

Martxoaren erdialdetik itxita egon dira Zumaiako udal eraikinak, COVID-19 gaitza ez hedatzeko neurrien artean. Arinaldiko bigarren fasean sartuta, udaletxea eta turismo bulegoa zabalduko dituzte, baina ahal den kasu guztietan telefono bidezko arreta edo tramitazio telematikoa lehenestuko duela adierazi du udalak. Bertara joatea ezinbestekoa bada, telefono bidez emango zaie hitzordua herritarrei.

Zalantzak, eskaerak eta tramitazioak telefono bidez egitea errazteko, hainbat telefono zenbaki zehaztu ditu Udalak:

  • Ibilgailu edo TAO erreziboak, tasak eta bestelako diru-kontuak: 943-86 51 69
  • Hirigintzako kontuak: 943-86 50 33
  • Idazkaritza, Alkatetza, Pertsonala, Euskara, Berdintasuna kontuak: 943-86 50 25
  • Turismo bulegoa: deskontu bonuen sistema eta bestelakoak: 943-14 33 96

Herritarra udaletxera joatea ezinbestekoa den kasuetan, hitzordua eskatu beharko da aurrez. Gainera, udaletxean ezarritako segurtasun protokoloak bete beharko ditu, herritarren zein udal langileen segurtasuna bermatzeko:

  • Maskara jantzita joan beharko da.
  • Sarreran eta irteeran eskuak garbitu beharko ditu.
  • Beharrezkoa izango da uneoro bi metroko distantziak mantentzea.
  • Boligrafoa erabiltzea ezinbestekoa bada, norberak eraman beharko du etxetik (telefono bidez zehaztuko da)
  • Bestelako eraikin eta zerbitzuak martxan jartzeko baimenak iritsi bitartean, horiek irekitzean bete beharreko protokoloak lantzen ari da Udala.

Gizarte Zerbitzuak martxan
Branka eraikinak itxita jarraituko du, baina maiatzaren 18tik aurrez aurreko arreta eskaintzen ari dira gizarte langileak.

Dokumentuen entrega modu telematikoan egitea lehenetsiko da, baina  herritarrei aurrez aurreko arreta zerbitzua eskainiko zaie beharrezkoa bada, betiere aurrez hitzordua hartuta. Horretarako honako 943-86 22 00 edo 633 44 22 56 telefono zenbakietara dei egin daiteke, edo brankaharrera@zumaia.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.

Gainera, herritarrei eskatzen diete, bulegora joan aurretik beharrezko babes neurriak hartzea; hala nola, maskarak jantzita joatea eta distantziak mantentzea.