Festen faltan, gogor kolpatuta

Baleike 2020ko mai. 22a, 15:30

Festetako ekitaldi asko bertan behera uzten ari dira; ondorioz, ezohiko uda espero dute soinu eta argiztapen teknikoek, festaz festa ibiltzen diren ferianteek, erromeria taldeek edota ganaduzaleek.

Koronabirusaren osasun krisialdiak gizarteko sektore ugari kolpatu ditu era batera edo bestera, eta pandemiaren ondorioz ezarritako salbuespen egoerak goitik behera aldatu ditu gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak. Saltoki eta taberna gehienak irekita dauden arren, badira ohiko jarduerara itzuli ezingo duten langileak, tartean festarik festa edo kontzertuz kontzertu ibiltzen direnak. Krisia tarteko, bertan behera geldituko dira herrietako festetako ekitaldi gehienentsuenak.

Iosu Arregi (Lopene ganadutegikoa): “Urteroko gastuak izango ditugu, baina diru sarrerarik ez”

Ganaduzaleen egoera “oso txarra” dela dio Iosu Arregi Lopene ganadutegikoak. “Aurten, urteroko gastuak izan ditugu, baina ez dugu diru sarrerarik izango”.

Lopene ganadutegiko zezenak festa ugaritara eramaten dituzte, baina aurten ezingo dute beste herrietara irten. Nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi zer gertatuko den datozen hilabeteetako festekin, Arregik “beltz” ikusten du panorama: “Apirilean bi herritako jaietara joatekoak ginen, eta maiatzean zazpi herritara. Pentsa, dagoeneko bederatzi dira galdutako herriak. Ekaineko festak ere bertan behera uzten hasi dira, eta ez dut uste uztailekoak egingo dituztenik. Nahiago nuke festak ospatzea posible izango balitz, baina ni, behintzat, nahiko etsita nago, eta uste dut urte bukaerara arteko festen barruko ekitaldi jendetsuak bertan behera utziko dituztela”.

Ekitaldirik ezean, ganadua zaintzen jarraitzea “zaila” dela azpimarratu du azpeitiarrak, animaliak zaintzeak eskatzen duen kostua altua baita: “Nahiz eta ez den guk nahi duguna, animaliak hiltegira eramaten ari gara ez dugulako guztiak mantentzeko baliabiderik. Animaliak zaintzeak duen kostuaren batez bestekoa atera genuen, eta abere bakoitzaren zaintza euro bat da eguneko. Beraz, ganadutegian ehun buru izanez gero, gastua 3.000 eurokoa da hilero. Nik 125 abere ditut gutxi gorabehera, eta ez dut guztiak mantentzerik”.

Arregik nabarmendu du abeltzainen egoera “oso gordina” dela. Horri buelta eman ahal izateko sustengu ekonomikoa eskatu dute Eusko Jaurlaritzan, baina “ezkor” dago: “Euskal Herriko ganadutegi guztiok elkartea sortu genuen, eta ganadutegien elkartetik eskatu ditugu dirulaguntzak Jaurlaritzan. Oraindik ez dugu erantzunik jaso. Dirulaguntzen esperoan jarraituko dugun arren, ez dut uste iritsiko direnik, lan merkatuko sektore guztiak ari direlako laguntzak eskatzen, eta beste sektore batzuk lehenetsiko dituztelakoan nago. Eskerrak tailerrean lan egiten dugun, bestela, akabo”.

Juan Pablo Sanz (Atracciones Sanzekoa): “Sanjuandegikoak dira guretzat festarik garranztitsuenak”

Juan Pablo Sanz altsasuarra da, eta haren familiak 40 urte daramatza Azpeitiko festetara etortzen, “hutsik egin gabe”. Aurten, baina, koronabirusaren osasun krisiaren ondorioz, ezingo dute Azpeitiko Sanjuandegiko festetan nahiz saninazioetan atrakziorik jarri.

Neguan apenas izaten dute hitzordurik Atracciones Sanzekoek, festa gehienak uda sasoian izaten direlako. Hori dela eta, krisiak “bete-betean” kolpatu ditu. Zumaiako San Telmo jaiak ziren prestatuta zituzten azken festak, baina haiek bertan behera gelditu ziren, eta orduz geroztik geldirik daude.

Sanzek azaldu duenez, nahiz eta oraindik ez dituzten jaiak bertan behera utzi ofizialki, ez dute Azpeitiko festetara joaterik izango, eta hori “kolpe handia” dela dio. Izan ere, Sanjuandegiko festak “oso garrantzitsuak” dira beren negozioarentzat: “Egun guretzako hitzordurik garrantzitsuena Sanjuandegiko festak dira, jende ugari bertaratzen baita atrakzioetara. Sarrera handiak izaten ditugu, saninazioetakoak baino gehiago”.

Ferietako edo atrakzioetako langileen egoera “oso txarra” dela aitortu du Sanzek, eta salatu du “inork” ez dituela kontuan hartu. “Politikariek laguntza ugari eman dizkiete hainbat sektoretako langileei, baina gure lan arloarekin ez dira gogoratzen. Asko gara geldirik gauden ferietako langileak, eta oso gogor kolpatu gaitu egoera honek”, dio. Hori dela eta, erakunde publikoei galdegin die lagun ditzala festetako ferietako beharginak.

Egoera “gordina” den arren, baikor dago Sanz: “Lanerako gogoz gaude. Arduraz jokatuko dugu, eta horretarako prestatuko gara”.

Josu Arrillaga (Eutxourrei Konpartsako sukaldaria): “Bizi dugun egoera hau eta gure jarduna ez dira bateragarriak”

Herria festan murgilduta dagoenean, inoiz gutxitan falta da jana eta edana. Programazioetan ohikoak dira herri bazkariak edo bestelako otordu handiak eta, horiek posible izan daitezen, lanean aritzen dira Zarauzko Eutxourrei Konpartsako kideak. Herriz herri eta festaz festa ibili ohi dira, batez ere, udan, otordu erraldoiak prestatzen.

Sukaldari aritzen den Josu Arrillagak azaldu du aurtengo uda “galdutzat” emanda dutela, beren jarduna izango delako azkenetarikoa normaltasunera heltzen. “Herriko festetan nahiz bestelako bazkari handietan kozinatzen dugu, eta jende multzo handiak pilatzen dira normalean”, azaldu du. Duela hamar urte hasi ziren otorduak prestatzen, “inolako aurreikuspenik gabe”, eta egun ia urte osoan zehar egiten dute lan, baina uda izaten dute garai oparoena. Iaz, 25 herritan izan ziren bazkariak prestatzen. Arrillagaren arabera, uztailean ibiltzen dira lanpetuen.

Ziur dago egoera bere onera itzultzerako aurtengo uda joana izango dela, horregatik, datorren urtera begira daude Eutxourrei Konpartsakoak. “Udazkenean bigarren olatu bat etorriko dela diote batzuek, eta ea zer baliabide ditugun horri aurre egiteko. Ez dakigu aukerarik izango den jendea elkartzeko, azkenean, egoera hau eta gure jarduna ez direlako bateragarriak”. Bateragune horiek “aberasgarriak” direla uste du Arrillagak, eta horiek galtzeak “pena handia” ematen diela azaldu du.

Datorren urterako aukerak aztertzen ari dira, eta argi dute, bederen, lehengaiak bertako ekoizleei erosten jarraituko dutela. Bost langile aritzen dira herriz herri kozinatzen, baina horietako inor ez da hortik bizi, bestelako lanbideak dituzte guztiek. “Zorionez, ez gaude lan honen menpe, baina iaz bi lankideren diru-iturri nagusia izan zen Eutxourrei Konpartsa, eta aurten bide berriak topatu beharko dituzte”, azaldu du zarauztarrak. Alde onari begira, lokalaren alokairua barkatu dietela azaldu du Arrillagak eta, behintzat, dirurik irabaziko ez duten arren, galerarik ere ez dutela izango nabarmendu du.

Mattin Epelde (Uhina sonorizazio eta argiztapen enpresakoa): “200 ekitalditik gora gelditu zaizkigu bertan behera”

Uhina sonorizazio eta argiztapen profesionaleko enpresaren arduraduna da Mattin Epelde zarauztarra. Hamahiru langile aritzen dira enpresan, horietako asko, eskualdekoak. Beren jardunaren ardatza dira zuzeneko ekitaldiak, eta lan karga handiena udan izan ohi dute. Aurtengo uda, ordea, ez da izango orain artekoen modukoa.

200 ekitalditik gora geratu zaizkie bertan behera eta, une honetan, streaming bidezko saio bat soilik dute sonorizatzeko. Langile guztiek indarrean dute aldi baterako lan erregulazio txostena, eta airean dago aurrerantzean izango duten egoera, izan ere, ez dago kulturgileak martxan jartzeko data zehatzik, beraz, zain daude.

Geldialdiaren aurretik ere baldintza prekarioetan aritzen ziren lanean soinu teknikariak, normalean ez zutelako orduka kobratzen. Lan-hitzarmenik ez dute eta jardunaldiak oso luzeak dira. Epelderen arabera, egun bakarrean hogei ordu sartzera ere iritsi daitezke batzuetan. “Demagun, teknikari batek 30 euro gehi BEZ kobratzen duela ordua. Hori horrela izanda, eta egun horretan hamasei ordu sartu behar baditu, 300 eurotik gora aterako litzateke pertsona bakarraren lana”. Horri materialaren alokairua gehitu behar zaio, eta jendeak puntako materiala nahiago izaten duenez, oso altuak izan ohi dira aurrekontuak. Ordaindu beharrekoa gehiegi iruditzen zaie askotan bezeroei, Epeldek azaldu duenez. “Kontua da, orduka kobratuz gero, aurrekontuak asko igotzen direla, eta hori ez dago ondo ikusita; jendeak ez du ulertzen. Igeltsero batek, adibidez, 30 euro kobratzen du ordua astelehen batean 08:00etan; guk, berriz, edozein egunetan eta edozein ordutan egiten dugu lan, askotan, asteburuetan ordu txikietan. Hala ere, jendeari asko kostatzen zaio diruarena ulertzea”.

Alemaniako eredua jarri du zarauztarrak gauzak beste era batera egin daitezkeela azaltzeko. Hango talde batek hemen jo behar duenean, soinu proba egiten dute teknikariek eta bertako teknikaria agurtu egiten dute. “Zu harrituta geratzen zara, eta esaten diezu gero, zuzenekoan ere, hor egongo zarela, baina beraiek ez dute hori ulertzen”. Antza denez, han muntaiaz eta soinu probaz teknikari bat arduratzen da, eta zuzenekoa eta desmuntaia beste batek egiten ditu; alegia, jardunaldia ez da ordu kopuru jakin batetik gorakoa izaten. Hemen, aldiz, pertsona bakarrak egiten du kamioia kargatu, lekura bertara joan, proba guztiak egin, afaldu tarte batean, zuzenekoa egin eta guztia jaso. Horregatik izan ohi dira horren luzeak Euskal Herriko teknikarien lan jardunaldiak.

Gakoetako bat jendearen musika kontsumitzeko ohiturarekin lotuta dagoela uste du Epeldek. “Nik ez dut esango kontzertu bat luxua denik, baina jasotzera ohituta gauden kalitatea bai da luxuzkoa. Teknikari bat egotea hor zuzentzen une oro, talde indartsu bat izatea… oso material ona behar da lan hori ondo egiteko, bai tresna aldetik, baita langile aldetik ere”.

Zuzeneko ekitaldien kontua Gabonetan normaltzen hasiko dela uste du Epeldek. Hala ere, garbi dauka ekitaldiak kontsumitzeko era aldatu egingo dela, batez ere, aforamenduen kontuagatik. “Uste dut ekitaldi handirik ez dela egingo urtebetean edo bi urtean, hori garbi daukat; txertoa atera arte ez da izango ekitaldi handirik”. Beraz, soinu teknikariei asko kostako zaie laneko martxa normaltzea, eta “oso pixkanaka” joango dela dio Epeldek.

Aratz Olaizola (Fan&Go eromeria taldekoa): “Ezjakintasunez betetako egoera aldakorrean gaude”

Festetan parte hartzen zuten hainbat musika talderi ere erabat aldatu zaie uda. Aratz Olaizola Fan&Go erromeria taldeko trikitilaria da, eta baikor agertu da hurrengo hilabeteetara begira. “Aurtengo uda udazken bihur daitekeenaren esperantza” du berak. Halaber, “erraza ez dela” aitortu du trikitilariak, “ezjakintasunez betetako egoera aldakorrean gaudelako eta batzuek galdutzat ematen dutelako aurtengo denboraldia”.

Hain zuzen ere, Inauterietan eman zuen Fan&Go taldeak azken kontzertua Zarautzen, eta Olaizolak aitortu duenez, ordutik jasotako deiak “kontzertuak atzeratu edo bertan behera uzteko izan dira, ez behintzat berriak lotzeko”. Horregatik, udan erromeriak eskaintzea ere “zail samarra” izango dela aurreikusten du Olaizolak, nahiz eta uda bukaera aldeko kontzertuak “zintzilik” eduki.

Aurrera begira, Fan&Go taldekoek zailtasunak ikusten dituzte erromeriek orain arteko formatuan egiteko. Olaizolak dio beren kontzertuetako giroa eta musika parrandarekin eta jende pilaketekin lotuta daudela, eta ondorioz, “zaila” izango litzatekeela kontzertuak eserita eta distantziak mantenduta egitea. Horren aurrean, erromeriak beste joera batzuk hartu ditzakeela iruditzen zaio Olaizolari, eta beraiek ere horretara moldatu beharko dutela. “Garai batean, debekatuta zegoen dantza lotua egitea, eta erromeria ederrak egiten ziren hala ere. Agian, horretara itzuli beharko dugu”.