‘Errotaherria’, herriko komertzio txikia indartzeko kanpaina abian da

Juan Luis Romatet 2020ko mai. 21a, 16:30

COVID-19aren ondorioz kalteak izan dituzten merkatariak laguntzea du kanpainak helburu. 20 euroko deskontu txartelak banatuko dira etxebizitzetan.

Bere garaian, aspaldi, beste Zumaia batean, itsas marea bat zegoen Ardantzabide parean, eta mareen indarrarekin egiten zuen lan. Errota hura, antzinako Zumaiako beste leku eta paraje asko bezala, iraganean galdu dira. Ez, ordea, haren izpiritua. Itsas marea haren figura berreskuratu nahi izan du Zumaiako Udalak herriko merkataritza laguntzeko kanpainako ikur bezala. Errotaherria izeneko kanpainarekin "herriari eman dioten bizitza itzuli" nahi die udalak herriko denda eta saltokiei.

COVID-19 gaitzak eragindako krisialdiak kalte ekonomiko nabarmenak eragin dizkie herriko merkatariei. Arinaldiarekin batera, saltoki batzuk igo dituzte pertsianak, eta, prebentzio neurriak gordeta, berriro lanera itzuli dira. Egoera berri honi "elkartuta eta elkarlanean" aurre egin behar zaiola azpimarratu dute Errotaherria kanpainaren sustatzaileek. "Herritarren ohituretan eragin, eta urteetan herriko dendek herriari eman dioten bizitza itzuli" nahi zaiola azpimarratu zuen Alex Oliden Tokiko garapeneko zinegotziak gaur eguerdian egin den aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira, baita ere, Iñaki Ostolaza alkatea; Esti Irureta turismo eta merkataritza teknikaria; Itxaso Curiel eta Amaia Aizpurua merkatariak; eta Fernando Mott ostalaria.

"Herritarren beharrei erantzun eta tokiko ekonomia sustatzea dagokigu erakunde publikooi. Horretan ari gara, arloz arlo egoera aztertu eta neurriak hartzen", gaineratu du Iñaki Ostolaza alkateak.



Deskontu bonoen sistema jarriko du martxan udalak kanpainako lehen ekintza bezala. Hogei euroko deskontu txartel bana banatuko dituzte 18 urtetik gorako herritar guztien etxeetan. Bono bakoitza bost euroko lau txartelez osatuko da, eta bale hauek banaka zein batera erabili ahal izango dira, ekainaren hasieratik uztailaren bukaerara harte.

Herritarrek herrian bertan kontsumitzeko ohituran eragitea da ekintza horren helburua. 150.000 euroko diru partida birderatuko da kanpainako lehen ekintza honetara, eta dinamikak herriko dendetan 450.000 eurorainoko inpaktu positibo zuzena izan dezakeela uste dute sustatzaileek.

Gaitzagatik itxi behar izan duten saltokiek parte hartu dezakete deskontu txartelen kanpaina honetan. Denda irekita eduki, baina diru sarrerak %75 murriztu zaizkienak ere parte hartzera gonbidatuak daude. Parte hartzeko modu telematikoan eman beharko dute izena zumaia.eus webgunean, maiatzaren 21etik 31ra bitartean. Zalantzak izatekotan 943-14-33-96 telefonora deitu eta turismoa@zumaia.eus e-mailera idatzi dezakete parte hartu nahi duten komertzioek. Urtea amaitu aurretik ostalariei bideratutako deskontu txartelak egongo direla ere adierazi dute.


Enpresa txikiak
Deskontu txartelen kanpainan parte hartu ezin dezaketen edo parte hartu nahi ez duten enpresa txiki eta autonomoen kasuan, diru-laguntza zuzenak edukitzeko aukera izango dute, COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko. Hamar langile arteko eta urtean 9.000 euro eta milioi bat euro bitartean fakturatzen duten jarduera guztiei zuzendutako laguntzak izango dira, eta gehienez, 2.000 euroko kopurua jasoko dute.

Emango den laguntzaren kopurua atalka antolatuko da eta irizpide ezberdinen araberakoa izango da: jarduera itxita egoteagatik edo ohiko jardueraren murriztapen nabarmenagatik, edota alokairu zein mailegua ordaintzeagatik eskatu ahal izango da laguntza, besteak beste.

Laguntza hau bateraezina izango da Covid-19aren hedapenak sortutako alarma-egoeraren ondorioz Lanbidek edo bestelako erakundeek helburu berarekin emandako laguntzekin.