Alondegiko igogailua ere martxan jarri dute

Baleike 2020ko mai. 19a, 12:31

Gaurtik aurrera martxan dago Erribera eta Mari kaleak lotzen dituen Alondegiko igogailua ere. Atzotik martxan daude Ardantzabideko, Jadarre auzoko eta San Jose kaleko igogailu publikoak. Igogailu guztietan erabilera arauak errespetatu beharko dituzte herritarrek.

COVID-19a dela eta, beste hainbat neurriren artean, igogailuak itxi zituen Udalak martxoaren erdialdean. Arintze neurrien barruan, herriko igogailuak martxan jarri dituzte dagoeneko, irisgarritasuna bermatzeko. Atzo Beheko Plaza eta San Jose lotzen dituen igogailua, Jadarre auzokoa eta Ardantzabidekoa jarri zituzten martxan. Alondegiak oraingoz itxita jarraituko badu ere, Mari kalera igotzeko balio duen igogailua martxan jarri dute gaur bertan.

Igogailuak erabiltzean, erabiltzaileek hainbat arau bete beharko dituzte:

  • Igogailua erabili aurretik, eskuak garbitu beharko dira, igogailuaren kanpoan dagoen xaboiarekin
  • Maskara jantzita soilik erabili daiteke igogailua
  • Arau orokor gisa, igogailua bakarrik erabili ahal izango da. Dena den, bizikideek eta zaintzaileek batera erabili ahal izango dute igogailua