Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira uztailaren 12an

Baleike 2020ko mai. 18a, 16:41

Gaur iragarri du Eusko Legebiltzarrerako bozen data Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren esanetan, erabaki "arduratsuena" bozak uztailean egitea da, bigarren aukera zabalik uzten duelako. Gainera, uztaila herritarrek botoa "berme guztiekin" emateko aukera ona dela jakinarazi du.

Hainbat astez hauteskundeen gaia mahaiaren gainean izan ostean, gaur, astelehena, jarri du Eusko Legebiltzarrerako bozetarako data Iñigo Urkullu lehendakariak: datorren uztailaren 12an izango dira. Gaur goizean hauteskundeen data jakinarazteko ezohiko Gobernu Kontseilura deitu du Urkulluk, eta bilkura horren ostean egin du hauteskundeak iragartzeko agerraldia lehendakariak. Haren esanetan, erabaki “arduratsuena” bozak uztailean egitea da, bigarren aukera zabalik uzten duelako.

Bozetara deitzeko hainbat argudio azaldu du Urkulluk, hala nola osasunari, segurtasunari eta alderdi legalari lotutakoak. Lehendakariak azaldu duenez, azken asteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin dute kasu positiboen nahiz heriotzen kopuruek, eta osasun egoera “gelditzea” lortu dutela adierazi du. Hark, gainera, hauteskundeek “funtsezkoa den eskubide bat betetzea” ahalbidetuko dutela esan du, legez bi aukera baino ez dituztela azalduta. “Legez, bi aukera ditugu: hauteskundeak uztailean egitea edo udazkenera atzeratzea. Udazkeneko aukera hor izango da gaixotasunak okerrera egiten badu ere”.

Lehendakariaren arabera, herritarrek botoa “berme guztiekin” emateko aukera ona da uztaila, eta jakinarazi du horretarako segurtasun neurriak hartuko dituztela. Gainera, zehaztu du bozetara deitzeko ez dela beharrezkoa Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera uztea, eta Eusko Legebiltzarra berriz ere martxan jartzeko premiaz ohartarazi du.

Hala eta guztiz, pandemiak okerrera eginez gero, bozak bertan behera utziko dituela eta berriz deituko dituela esan du Urkulluk –ez du balizko bigarren datarik zehaztu–, urriaren 25erako hauteskundeek eginda egon behar dutela gogoraraztearekin batera. Hauteskunde kanpaina ekainaren 26an hasiko da, eta uztailaren 10ean bukatu. Urkulluk alderdien esku utzi du kanpaina nolakoa izango den adostea.

Urkulluk joan zen astean egin zuen bilera legebiltzarren ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariekin, eta haiekin hauteskundeen dataz aritu zen solasean. Oposizioko alderdiek desadostasuna agertu dute egunotan lehendakariak bozak uztailean egiteko asmoa agertu zuelako; haien iritziz, orain hauteskundeak ez dira lehentasuna.

Dena den, bozetara deitzeko prozedurari jarraituz, Urkulluk gaur eman dio dataren berri gobernu kontseiluari, eta gero sinatuko du hauteskundeetara deitzeko dekretua; izan ere, 54 egun igaro behar dute dekretua sinatzen denetik hauteskundeen egunera. Dena den, dekretua sinatu aurretik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun larrialdi egoera bertan behera utziko du bihar Urkulluk, eta “kontrol eta ikuskatze” egoera jarriko dute indarrean. Gaur arratsaldean egingo dute Babes Zibilerako Aholku Batzordearen bilera, eta berriz ere Segurtasun sailburuak hartuko du batzorde horren buruzagitza.