Martxan daude San Jose kaleko, Jadarreko eta Ardantzabideko igogailuak

Baleike 2020ko mai. 18a, 11:48

Bi hilabetez ezin izan dira erabili Zumaiako igogailu publikoak, koronabirusa ez hedatzeko neurri bezala. Arinaldian sartuta, Zumaiako Udalak herriko lau igogailu publikoetatik hiru berriro martxan jarri ditu: San Jose kalea, Jadarrekoa eta Ardantzabidekoa. Hori bai, segurtasun neurriak jarraitu beharko dituzte erabiltzaileek. 

Neurri horien arabera, igogailua erabili aurretik eskuak garbitu beharko dituzte erabiltzaileek, horretarako igogailuaren kanpoan jarriko duten xaboiarekin. Maskara jantzita soilik erabili ahal izango dira, eta, arau orokor gisa, igogailuetan bakarrik joan beharko da. Dena den, bizikideek eta zaintzaileek batera erabili ahal izango dituzte.

Esan bezala, San Jose kaleko, Jadarreko eta Ardantzabideko igogailuak jarri dituzte orain martxan. Laugarrena, Alondegikoa, Erribera kalea eta Mari kalea lotzen dituena, itxita segiko du oraingoz.