Italia-Zumaia konexioa, lau teilaturen gainean

Juan Luis Romatet 2020ko mai. 17a, 13:27

Alarma egoeraren ondorioz ezarritako itxialdiak edo konfinamenduak kultur sormenean izan du espero ez zen eragina. Gero eta musikari, talde edo abeslari gehiagok sortzen dituzte abestiak edo bideoklipak elkarren hurbil egon gabe, norberak bere etxean jota.

Elisa Maitea Olaizola abeslari italiarrak eta Giovanni Zanon, Zumaiako bizilagun italiarra, dira horren adibide. Itoizen Lau teilatu abestiaren bertsioa egin dute, eta baita sareetan partekatu ere. Batek musika Zumaian jo du, eta besteak ahotsa Italian gehitu dio, Trentino eskualdeko Cles herrian. 1.300 kilometro daude bi herrien artean, baina mundu globalizatu batean, eta sormena tartean dagoenean, distantziek ez dute garrantzirik.

Iñaki Olaizola zumaiarraren alaba da Elisa Maitea. Musika ikasketak egiten ari da, eta orain urte batzuk Zumaian abestu zuen, Itzurun tabernan. Giovannik bere gitarrarekin lagundu zion kontzertu hartan, eta ordutik harremana mantendu dute. Saio hartan bertan jo zuten Itoizen bertsioa. “Biserako gorde genuen kanta hori. Akordeak-eta han erabaki genituen, eta jo ondoren kajoi batean gordeta geratu zen. Orain urte batzuk berreskuratu eta haren argazki bat bidali nion Elisari”, du gogoan Zanonek.

“Etxean nengoela zerbait egiteko ideia izan nuen, bakoitzak bere etxetik grabatzen joanda”, gaineratu du Olaizolak. “Ez dugu inoiz kanta bat elkarrekin grabatu, eta harremana berreskuratzeko aukera eman zigun”.

Ideien eta musika zatien joan etorria izan da Italia eta Euskal Herria artean. “Akordeen lerro hori hartu nuen eta, lehenbizi, kantaren tonua eta abiadura erabaki genuen. Gitarra eta teklatua jo ditut, baina maila apal batean, Elisaren ahotsa inola ere estali gabe”, zehaztu du Zanonek. Behin pistak Italiara helduta, Elisak ahotsa gehitu dio musikari. “Ahotsak eta koruak grabatu nituen, eta pistak gero lagun bati bidali nizkion. Hark nahasketak egin ditu bere estudioan. Bideoa, berriz, nik muntatu dut”, dio Elisa Olaizolak.

Lau teilaturen bertsioa egiteko arrazoiak bazituen Olaizolak. “Beti gustatu izan zait kanta hau, txikia nintzenetik. Nire gurasoen abestietako bat da, ezagutu zirenetik, eta abesti honi lotuta doa nire bizitza. Gero, iruditzen zait bizi dugun egoerari ondo datorkiola mezua. Herriko festetan berriro elkartuko garela dio. Orain etxean gaude, baina egunen batean aterako gara, eta berriro elkarrekin egongo gara. Bizi dugun garairako mezu positiboa duela iruditzen zait”.

Abesti honen bertsioa egiteko “beldur pixka bat” bazuela onartu du Zanonek. “Klasiko bat da. Italian Domenico Modugnoren Volareren bertsio bat egitearen parekoa da, eta gaizki eginda kontrako iritziak aldekoak baino gehiago izan daitezke. Baina berak abestuko zuen moduan desberdina izango zela uste nuen, eta horrek animatu ninduen”.

Bertsioak harrera ona izan du hemen, baina baita Italian ere. “Aspalditik ari ziren esaten ea noiz abestuko nuen euskaraz. Aitak, lagunek, hori esaten zidaten. Behin bakarrik abestu dut euskaraz, eta Zumaian emandako kontzertuan izan zen. Nire gurasoentzako eta Zumaiako familiarentzako opari bat da, haientzako abesti oso garrantzitsua delako. Hemengo jendeari ere gustatu zaio, euskara, hizkuntza bezala, oso berezia delako. Ez daude ohituta, eta beraientzako berria izan da”, dio Olaizolak.

Oraingoz abesti bakarra grabatu dute, baina beste kolaborazio gehiago izateko ideia ez dute baztertzen. “Euskal musikaren errepaso bat egin dezakegu: Lete, Laboa eta Lertxundirekin hasi, Ken Zazpi eta Izaro arte, Ruperretik pasata. Izan daiteke...”, aipatu du Zanonek.

Mila kilometroko distantzia ez delako ezer ere gogoa dagoenean.