Alien, zortzigarren pasaiaria... eta gehiago

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2020ko mai. 17a, 09:55

Ridley Scott zinemagile britainiarrak Alien bataiatu zuen Nostromo espazio-ontziaz jabe egin zen kreatura arrotza. Hain zuzen ere, alien, ingelesez, atzerritarra da. Hedaduraz, alien esaten zaie baita ere gizakiak lekualdatutako bizidunei, tokiko landarediarekin eta faunarekin zerikusirik ez dutenei.

Gizakiak, nahita edo nahigabe, berezko tokietatik kanpo eraman izan ditu bizidun asko. Batzuetan, bizidun horiek azkar eta kontrolik gabe hedatu dira inguru berrietan eta kalte ekologikoak, ekonomikoak eta osasunekoak eragin dituzte. Mundu-mailan ezagunak dira, esaterako, Caulerpa taxifolia, Monako Museo ozeanografikotik istripuz atera eta Mediterraneo osoan itsas hondoak bereganatu dituen alga toxikoa, edota haztegietatik hanka egindako bisoi amerikarra, bisoi europarraren biziraupena kinka larrian jarri duena. Halakoei espezie inbaditzaile esaten zaie.

Adibideak nonahi aurkitu ditzakegu, eta espezie inbaditzaile exotikoen zerrenda geroz eta handiagoa da: karramarro amerikarra, zezen-igela, panpa-lezka, zebra-muskuilua, sasi-akazia, tigre-eltxoa, poligono japoniarra, Asiako liztorra...

Asiako liztorra (Vespa velutina)

Batzuetan, espezie exotiko inbaditzaileek tokiko bizidunak lekualdatzen dituzte. Bestetan, bertokoen aurka lehiatzen dira eta jatorrizko bizidunak desagerrarazten dituzte. Hortaz, habitat naturalak eta ekosistemak eraldatu dituzte eta biodibertsitateari kalte itzulezinak eragin dizkiote. Normalean, inguru berrian ez dago populazio arrotza kontrolatuko duen etsai naturalik eta nahi adina zabaltzen dira, maiz paisaia naturalak eta lurzoruaren ezaugarriak larriki eraldatu arte. Gainera, nekazaritzan edo basoko laborantzetan eragina izaten dute eta, osasun arloan, alergiak eta izurriak sorrarazi dituzte.

Adituen arabera, kanpotik ekarritako espezieen %1ak inbasio biologikoak sor ditzake eta, gehienetan, naturatik kentzeak demaseko kostu ekonomikoa ekartzen du.

Txantxetan ez hartzeko mehatxua

Ekosistemei dagokienez, inbasio biologikoek biodibertsitatea mehatxupean eduki duten beste hainbat arazorekin bat egin dute eta horien kalteak ugaritu dituzte. Kontsumo-ohiturek, merkataritza globalari lotutako garraioak eta turismoaren hazkundeak, inbasoreen bidea erraztu dute eta nazioarte mailako alerta gorria piztu dute. Ziurrenik, hurrengo adibideek aferaren benetako munta neurtzen lagunduko digute:

    • IX. mendean Asiako ekialdetik lorategiak apaintzeko ekarritako landarea da. Alabaina, Poligono japoniarra, parterreak utzi eta erreka bazterretan, errepideetako ertzetan eta hondakindegietan franko zabaldu da. Sustrai-sistema indartsua du, sakonean zein zabalean oso erraz hazten da, eta bertatik landare berriak erraz sortzen dira. Europan ale arrik ez dago, baina errizoma, tuberkulu edo zuztar batetik ugal daiteke (zentimetro bateko pusketa batek landare berri bat sortzen du 10 bat egunetan). Han-hemenka, ibaiertzeko basoak –Urolako asko barne– ordezkatu ditu eta erauzteko behin eta berriro moztu behar denez, urtero, Uraren Euskal Agentziak hamarnaka mila euro xahutu behar izaten ditu.
Poligono japoniarra (Fallopia japonica), Basadizarretan
 
    • Bisoi amerikarra Ipar Amerikatik ekarri zuten larrua ekoizteko eta haztegietan bizi da –haietako bat Meaga inguruan egon zen eta badago beste bat Mutrikun–. Istripuz edo talde animalistek askatuta ibaietan naturalizatu egin da, ur-ipurtatsa (bisoi europarra) bizi den habitat berean, hain zuzen ere. Askoz oldarkorragoa, bertakoarekin baliabide berberak lortzeko lehiatzen da eta, behar izanez gero, hura hiltzen du. Horren ondorioz, funtsean, ur-ipurtatsa galzori larrian dago. Egoera tamalgarri hori iraultzeko Europar Batasunak eta hainbat erakundek –besteak beste EAEko hiru Aldundiek- LIFE Lutreola proiektua finantzatu dute. 2018. urtean bukatuta, proiektuaren emaitzak ikusteko daude.

Bisoi amerikarra (Neovison vison)

    • Panpa-lezka lorategiak apaintzeko ekarritako landare ikusgarria da. Uda bukaeran eta udazken hasieran loratzen da eta luma-mototsetan egindako hazi hegazkorren eta lurrazpiko errizoma ugarien bidez zabaltzen da. Urtero, lore eme batek 100.000 hazi baino gehiago ematen ditu eta haizeak 30 km harantzago erraz eraman ditzake. Gaur egun kontrolik gabe hedatzen ari da mugituriko eta degradatutako lurretan; adibidez, errepide eta trenbide bazterretan, obra publikoek sortutako ezpondetan edo utzitako lursailetan, Zumaiako Puntanoetako eremuan kasu.
Panpa-lezkaren (Cortaderia selloana) saila, Puntanoetan
 
    • Zebra-muskuiluak Itsaso Beltzean, Kaspiar Itsasoan eta Aral Itsasoan du sorterria eta nabigazioari edo arrantza tresnei esker zabaldu da Europako eta Ipar Amerikako ur kontinentaletara. Hedapen-abiadura ikaragarria du eta urte bakar batean metro koadroko 200 aletik 4.500 aleetara pasa daiteke. Hirugarren urtean, berriz, dentsitate hori 750.000 aleraino hel daiteke. Beste animalien txoko ekologikoa hartzeaz gain, inpaktu ekonomiko larria ere eragiten du; izan ere, itsasontzien abiadura moteldu eta ur-hodiak oztopatzen ditu. Ebroko ibai-sistematik zabalduta, Arabako iparraldeko urtegiak kolonizatu ditu eta, iaz, Elgeta eta Zaldibar arteko Aixolako urtegian lehenbizikoz aurkitu zuten.

Zebra-muskuilua (Dreissena polymorpha)

Lehenbailehen jardun beharra dago

Zalantzarik gabe, organismo inbaditzaileak arrastoan edukitzeko lehentasuna prebentzioan datza. Horrenbestez, espezie horiek saldu eta merkaturatzea debekatu beharko litzateke, baita lorategi eta herri-lanetan erabiltzea ere. Nahitaezkoa da, halaber, habitat naturalak egoera onean mantentzea eta bertako landaredia babestea.

Dena den, izurria jadanik ezarrita dagoenean, ezinbestekoa da azkar ekitea eta sentikorrak diren naturaguneei lehentasun handiagoa ematea, hala nola, hezeguneei edo dunei. Esaterako, goraipatzekoa da talde naturalistek, Udalak eta Aldundiak Santiago hondartzan egindako lana. Ildo horretan jarraituz, halako arazoen aurrean komenigarria da erakundeen arteko koordinazioa izatea, aukeratutako estrategiak eraginkorrak izan daitezen eta baliabideak alferrik gal ez daitezen.

Santiago hondartzatik kendu beharreko juka

Lurraldea kudeatu behar duten erakundeen erantzukizuna handia bada ere, norberak ere lagundu dezake arazo hau saihesten. Beraz, ondo legoke, besteak beste, gure bidaietatik izaki arrotzak ez ekartzea eta etxeko lorategietan bertako landareak erabiltzea. Izan ere, espezie autoktonoak paisaian hobeto integratzen dira, merkeagoak dira eta, klimara egokituta daudenez, atzerrikoek baino gehiago irauten dute. Esan gabe doa ingurunean kanpoko espezieak askatzea guztiz desegokia dela.

Zumaiako Natur Taldeak inbaditzaileak kentzeko antolatutako saioa

Bukatzeko, inguruan espezie inbaditzaile bat ikusiz gero, udaltzainei edo basozainei horren berri ematea interesgarria izango litzatekeela gogoan hartu, informazio egokia edukitzea funtsezkoa baita. Era berean, espezie horien aurka borrokatzeko jardunaldiak antolatzen badira, horietan parte hartu eta ikasitakoa zabal daiteke.

Aurrean dagoen lana itzela da, eta esfortzu txikiena ere beharrezkoa da, alienek bizi garen espazio-ontzia beren egin ez dezaten.