“Erdibidean geratu zaigu disko berriaren grabazioa”

Maria Maya Manterola 2020ko mai. 16a, 15:35

COVID-19 gaitza ez hedatzeko ezarritako alarma egoerak eragina izan du Marlik musika taldearen jardueran ere. Boskote zumaiarra bigarren diskoa grabatzen ari zela ezarri zen konfinamendua. “Grabazio lanetan ari ziren beraiek, eta gero etorri zen konfinamendua. Erdibidean geratu zaigu; instrumentu batzuk grabatuta daude, eta beste batzuk ez”, dio Maialen Velarde taldeko abeslariak.

Koronabirusaren krisiagatik kontzertu batzuk bertan behera geratu direla dio. “Lazkaon, Errioxan, eta sanpedroetan genituen kontzertuak bertan behera geratu ziren, eta beste batzuk zalantzan daude; horiek ere bertan behera geratzeko aukera handiak daude. Baina, bestetik, konfinamenduak sorkuntzari ere lagundu dio. Norbera bere etxean dago, ea ez zaizkigun bi disko ateratzen itxialdi honetatik!”.

Lisboan (Portugal) bizi da Velarde, eta beste lau taldekideak Euskal Herrian. Urrian hasi ziren disko berria grabatzen, taldearen bigarrena. “Bateria eta gitarra grabatzen hasiak zeuden, eta martxoaren lehen asteburuan horra joateko asmoa nuen, kontzertu baterako. Bide batez, grabatzea geneukan pentsatuta. Baina, joan ezin nuenez, bertan behera geratu da guztia. Ideia bat badaukagu, mugikorrez grabatuta, baina ez dauka zerikusirik diskoak izango duen itxurarekin. Abestiak eginda daude, eta guk zirriborro batzuk baditugu. Baina publiko egiteko moduan ezer ere ez”, dio Velardek. Diskoaren egitura oraindik itxi gabe badute ere, sei edo zortzi abestiz osatuko dela uste du. “Beti geratzen zaigu zalantza pare bat gehiago sartu edo ez. Oker ez banago, aurrekoak hamar zituen, baina oraingoa motzagoa izango da, seguru”.

Laukotea izatetik boskote izatera pasa da Marlik azken urte hauetan. Velardek, Beñat Fernandezek, Ales Gorritik, David Gorritik eta Ainhoa Urteagak osatzen dute taldea. Urteaga izan da taldean sartzen azkena. “Igarri genuen berdinari bueltaka ari ginela. Bide ezberdinak probatu nahi genituen musikalki, zer aukera eskaini zitzakeen beste instrumentu batek, eta taldekideoi interesgarria iruditu zitzaigun pianoarekin probatzea. Ideia horrekin gonbidatu genuen Ainhoa. Egia esan, pianoa sartu izanak estiloa aldatzen du, baina dibertigarria da: beste bide batzuk deskubritzen hasten zara, kantak moldatzen dituzu…”, dio abeslariak.

Estilo aniztasuna disko berrian sumatuko dela uste du Velardek. “Lehen diskoan bazeuden bost minututik zortzira luzatzeko gaitasuna zuten abestiak, Gautxori Bluesen kasu. Kanta luze pare bat ere izango dira disko berrian, baina motzagoak ere bai. Estilo aldetik pixka bat aldatuko da, baina ez du galduko aurreko diskoaren esentzia”.

Diskoaren izenburua, bai, hori erabaki dute. “Azaletik ezabatu baino lehen izena izango du. Izen horri erreferentzia egiten dion abestia da Beñatek eta biok Baleikeren Etxetik Mundura bideo sortarako jo genuen kanta. Imanol Sesma ari zaigu diseinuan laguntzen, beraz, bere ukitua ere izango du lan honek”.

Denbora honetan etxetik grabatutako bi bideo prestatu ditu Marlikek. Hala ere, agertokiaren falta sumatzen duela dio Velardek. “Nahiz eta jende asko ez bildu kontzertuetan, publikoarekin duzun konexioak ematen dio dibertsio puntu bat. Elkarrizketa horrek egiten du dibertigarri eszenatoki bat, bestela, jendeak diskoak entzungo lituzke eta kito. Baina egia da itxialdiaren kontu honek ireki duela musika bizitzeko modu bat, eta niri pertsonalki dibertigarria egiten ari zait. Taldeak norbera bere etxetik grabatzen ari diren bideoklip moduko horiek, santelmoetako bertsio gaueko bideo muntaia horiek… iruditze zait gehigarri bat dela, diskoa entzun beharrean musikariak beraiek ikustea-eta erakargarriagoa da. Dardarako eta bere kabuz aritzen diren musikariak animatu nahi ditut sorkuntzan jarraitzera, azken finean, elkartuko gara momenturen batean. Lau pareten artean egote honek balio dezala zerbaitetarako, horrela, elkartzen garenean mila kontu eta abesti izango ditugu partekatzeko”.