Hondartzen irekiera aztertu dute kostako udalek aldundian

Baleike 2020ko mai. 16a, 09:12

Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek bilera eduki zuten herenegun aldundian beste hainbat eragilerekin batera. Ingurumen Sailaren Hondartzen Lurralde Mahaian hartu zuten parte, Gipuzkoako hondartzak irekitzeko baldintzak aztertzeko. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ETBri adierazi dionez, "hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena".

COVID-19aren hedapena saihesteko, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eremu komunetan edo jende asko biltzen direnetan nahitaez bete beharreko prebentzio neurriak ezarri dituzte. Eremu horien artean daude hondartzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Hondartzen Lurralde Mahaia bildu zuen herenegun goizean, arinaldian Gipuzkoako hondartzak irekitzeko baldintzak aztertzeko. Bilera horretan aldundiko Ingurumen Departamentuak gomendio eta proposamen batzuk egin zizkien udalei, eta udal ordezkariekin adostu beharreko hainbat gai jarri zituzten mahai-gainean; besteak beste, hondartzak irekitzeko egin beharko liratekeen jarduerak, bainatzeko eremua ireki aurreko prozedurak eta horiek ireki ondoren ezarri beharreko prebentzio neurriak. Datei buruzko erabaki irmorik hartu ez bada ere, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ETBri adierazi dionez, “hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena”. 

Ingurumen Saileko arduradunez gain, Orioko, Zarauzko, Getariko, Zumaiako, Debako, Mutrikuko eta Hondarribiko alkateek eta Donostiako Gune Publikoetako zinegotziak parte hartu zuten bileran.

Aldundiak azaldu duenez, atzoko bileran erabaki zuten Gipuzkoako hondartzak gainerako lurraldeetakoekin batera irekitzea. Gainera, Ingurumen Departamentuak laguntza teknikoa eskaini die Gipuzkoako kostaldeko udalerri guztiei hondartza bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiteko. Horrez gain, osasun txostenak eta hondartza erabiltzeko gomendioak ere eman dizkie, urruntze sozialeko arauak ere hondartzetan bete ahal izateko. 

Uraren bitartez kutsatzeaz
CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak hondartzetan eta igerilekuetan COVID-19a kutsatzeari buruz argitaratutako txostenaren arabera, oso gutxitan gertatzen da kutsatzea urarekin kontaktua izateagatik. Beraz, azaldu dute hondartzetan eta igerilekuetan koronabirusaz kutsatzeko bide nagusia eztula eta doministikua edo pertsonen arteko kontaktua direla.

Horregatik, Gipuzkoako hondartzetako arduradunen iritziz, hondartzak irekitzeko erronkarik garrantzitsuena urruntze sozialeko neurriak errespetatzea izango da eta, horretarako, herritarren artean kontzientzia kolektiboa indartu behar da. Gainera, bileran adierazi zuten, eremu komunak egunero garbitu eta desinfektatzea ere funtsezkoa izango dela birusa hedatu ez dadin.

Alex Oliden zinegotzia izan zen bilera horretan. Hondartzen irekieraren aurrean, "hausnarketa sakon" bat egin behar dela onartu zuen, eta "azkar", gainera.