Probintzian zehar mugitzeko aukera izango da astelehenetik aurrera

Bizilekuko udalerri barruan eta horren albokoetan ibili zitezkeen orain arte herritarrak, baina murrizketa hori kentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. “Mugikortasun arduratsua eta mailakatua” berreskuratzeko unea iritsi dela deritzo Jaurlaritzak, positibo berrien beherako joera "iraunkorra" dela eta. Bihar argitaratuko dute aldaketaren berri ematen duen dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean.

Konfinamendua arintzeko Lehen Fasearen hasieran herritarren mugimenduei ezarritako murrizketetako bat altxatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, datorren astelehenetik (maiatzak 18) aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek beren probintzian zehar mugitzeko aukera izango dute.

Gipuzkoa izango da, beraz, Zumaiako biztanleen joan-etorrien muga datorren astelehenetik aurrera, eta ez norberaren udalerria edota horren aldameneko udalerriak, orain arte izaten ari den bezala. Gaur-gaurkoz, lanerako, osasun edota adinekoen kontuengatik soilik mugitu daitezke herritarrak udalerritik edo alboko udalerritik harago.

Gaur arratsaldean eman du aldaketaren berri Eusko Jaurlaritzak. Lehendakaritzak aldaketa hori ahalbidetzeko onartu duen dekretua ere zabaldu dute. Bihar argitaratuko dute dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Dekretu beraren sarreran arrazoitu dituzte Lehen Fasean Jaurlaritzak berak ezarritako mugikortasun murrizketa bertan behera uztearen arrazoiak. COVID-19 gaitzaren azken asteko bilakaera epidemiologikoak, kasu positibo berrien beherakada “iraunkorrak”, ahalbidetu du aldaketa. “Mugikortasun arduratsua eta mailakatua” berreskuratzeko unea iritsi dela deritzo Jaurlaritzak.

Orain arte baimendutako kirol jarduerentzako muga geografikoa ere probintzia izango da astelehenetik aurrera, baina dekretu berriak ez du ezarrita dauden ordutegien gaineko aipamenik egiten.

Orain arte hartutako neurriek eta Lehen Faseari murrizkeak ezartzeak “gizartearen konpromisoa, banakakoa eta kolektiboa” aregotzen lagundu dutela dio Jaurlaritzak. Ardura horri eta distantzia eta higiene neurriei eusteko eskaera egin du erakundeak, “erlaxamendua” saihestuz, Bigarren Faserako urratsak egoki bete ahal izateko.