Foru Funtsa murriztearen erabakia salatu du Udal gobernuak

Baleike 2020ko mai. 15a, 15:06

Udal Finantziaziorako Foru Funtsa %20 murrizteko asmoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren ondorioz, lurraldeko udalek aldunditik jasotzen duten diru kopurua bosten batean gutxituko da. Horren aurka agertu dira Gipuzkoako 56 udal, eta horien artean da Zumaiakoa. 

Zergen bidez jasotzen duen dirua %20-25ean jaitsiko dela aurreikusi du aldundiak COVID-19 gaitzak sortu duen krisiaren eraginez. Hori dela-eta, udalei ematen zaien dirua %20 jaistea du asmo aldundiak. Zumaiako kasuan, erabaki hori gauzatzen bada, 1.450.972,80 euro gutxiago izango ditu bere jarduna garatzeko, aurrekontu osoaren %9,44 gutxiago.

Zumaiako Udal Gobernuak Gipuzkoako Ogasunetik "inolako azalpenik jaso ez izana" eta udalen finantziazioan eragin izugarria izango duen erabakia "aldebakartasunez" hartu izana salatu ditu. Udal Gobernuaren arabera, "udalek frogatu dute herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direla" eta “COVID-19aren krisi garai gogor honetan zailtasun guztien gainetik lehen lerroan herritarren beharrei erantzunak ematen” aritu direla. Aldundiak Udalak “zigortu” egin nahi izan dituela ere gaineratu du.

Hau guztiagatik, Iñaki Ostolaza alkateak Gipuzkoako Foru Aldundira gutuna igorri du, lurraldeko beste hainbat alkaterekin batera.

Lau puntutan laburbiltzen da gutuna. Batetik, UFFF bueltatzeko onartutako erabakia atzera botatzea eskatzen du. Bigarren puntuan, aurtengo aurrekontu aurreikuspenak bere horretan mantentzeko eskatzen dio, udalei dagokionez. UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea eskatzen du, 2021ean hasita, eta inongo interesik gabe. Amaitzeko, 20 milioi euroko diru laguntza udaletara bideratzea eskatzen dio aldundiari, COVID-19 gaitzaren krisiak udaletan sortutako gain kostuak arintzeko.