Bertan behera geratu dira foru aldundiek antolatzen dituzten udalekuak

Baleike 2020ko mai. 15a, 13:46

Osasun neurriak osotasunean ezingo direla bermatu iritzita hartu dute erabakia.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek antolatzen dituzten udalekuak bertan behera geratu dira, gaur jakitera eman denez. Adierazi dutenez, gaur gaurkoz ez dago nahikoa segurtasun eta osasun berme udalekuak egiteko. Koronabirusaren aurka martxan dauden protokoloen eraginez, ostatu eta jaten ematen duten negozio eta establezimenduek neurri zorrotzak bete behar izaten dituzte, eta horiek guztiak errespetatuz udalekuak gauzatzea ezinezkotzat jo dute. Bestalde, agintarien arabera, udalekuen helburuetako bat haurrek behar bezala elkarbizitzen eta sozializatzen ikastea izaten da, eta aurten xede hori ez litzateke behar bezala beteko, udan egon daitezkeen baldintzak kontutan hartuz gero.

Ana del Val Arabako Kultur eta Kirol diputatuak eman du albistearen berri gaur goizean, eta hark adierazi du alternatibak bilatzen ari direla haurrekin eta gaztetxoekin bestelako ekintzak egin ahal izateko.