Pilotalekuetan, herrien arteko lehiarik ez

Andoni Elduaien 2020ko mai. 15a, 11:11

Herriarteko pilota txapelketek hasita behar lukete honezkero, baina asteek aurrera egin ahala gero eta garbiago dute eskualdeko pilota klubek ez dutela aurten herrien arteko lehiarik izango.

COVID-19 gaitzak eragin zuzena izan du pilota munduan ere. Bi hilabete daramatzate eskualdeko pilotariek pilotalekurik zapaldu gabe. Gainera, hasita behar zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak. Eskuz, gomazko paletan zein zesta-puntan eman zuten izena Urola Kostako herriek aurten.

Hamaseina herri zeuden izena emanda eskuzko eta gomazko paleta herriartekorako. Bost edo zazpi herri ziren parte hartzekoak larruzko paletan eta pala motzean; zesta-puntan, aldiz, lau herriren artean ziren erabakitzekoak aurtengo txapelduna. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa eskuzko eta gomazko paleta modalitateetan ziren parte hartzekoak. Zumaia, berriz, zesta-puntan eta gomazko paletan.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ez du Herriarteko txapelketaren gaineko azken erabakirik hartu oraindik. Une honetan, klubek dakiten bakarra da txapelketak bertan behera geldituta daudela. Egutegiaren barruan sartu asmoz, federazioak argi du Herriarteko txapelketek amaituta beharko luketela ekainaren bukaerarako. Horregatik, balizko aukera bat du mahai gainean eskuzko eta gomazko paleta modalitateetarako. Proposamen horren arabera, kanporaketak jardunaldi bakarrera jokatuko lirateke, zozketa bidez erabakitako klubaren herrian. Ondorioz, bi partida irabazten dituen herriak egingo luke aurrera txapelketan. Halere, aukera hori ikuslerik gabe izango litzateke, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak garbi azaldu du: “Herriartekoa publikorik gabe egiterik ez du ikusten federazioak”. Itxura guztien arabera, beraz, baieztapen ofizialik eman ez duten arren, aurten ez da Herriartekorik jokatuko. 

Urola Kostako pilota klub guztiek sentimendu bera azaldu dute Herriarteko txapelketari buruz, eta orain jokatu ezin denez, “pena” hitza entzun da guztien ahotan. Azkoitiko Oteiza taldeko Alex Juaristik egoera zein den ikusita “logikoena” Herriartekoa ez jokatzea dela uste du. “Herrian saltsa eta giroa sortzen duen txapelketa da Herriartekoa. Herriak erantzun egiten du, eta beti da ederra herriaren aurrean pilotan jokatzea. Alde horretatik, pena hartu dugu”, azaldu du. Publikorik gabe txapelketa jokatzea “tristea” dela gaineratu du Juaristik. Gauza bera dio Xabier Aldalur Azpeitiko Ilunpe taldeko kideak: “Publiko aldetik jende gehien mugitzen duen txapelketa da. Pilotarientzat eta klubarentzat jokatzeko dagoen txapelketa ederrena da. Pena da aurten ez jokatzea”. Zestoako Abantzu Pilota Klubeko Jon Etxeberria ere penatuta agertu da, aurten eskuzkoan “sekula baino talde indartsuagoa izateko aukera” ikusten zutelako. Gomazko paletan ere, “talde sendoa” zutela dio Etxeberriak. Zumaiako zesta-puntako Iñaki Aizpurua kideak, berriz, Herriartekoak herriari “xarma” edo “presitigioa” ematen diola azaldu du: “Aurten ere pentsatzen genuen gure aukerak izango genituela, eta alde horretatik pena hartzen dugu”.

Sentimendu gazi-gozoa

Federazioak ekainean jokatzeko egin duen balizko aukera “ez jokatzea baino hobea” dela dio Aldalur azpeitiarrak. Garbi dute herrien arteko txapelketak sortu ohi duen mugimendurik ez litzakeela sortuko aurten, baina jokatzea “egokia” delakoan daude. “Txapelketa bertan behera gelditzea baino egokiagoa izan daiteke era batera edo bestera jokatzea”, diote. Azkoitiko pilotariek, gainerako guztiak bezala, bi hilabete pasatu dituzte pilotalekura sartu gabe, eta horiek “zaila” ikusten dute ekainean jokatzeko aukera: “Ekainean hasi beharko bagenu, segituan hasi beharko ginateke entrenatzen. Eskuak eta nola ditugun ikusi beharko genuke, gainera. Gauza bat da horma baten aurka pilotakadak ematea, eta bestea pilotalekuan bertan pilotan egitea eta lehiatzea. Bi astean entrenatuta fisikoki gutxiago nabarituko litzateke, baina uste dut eskuek asko sufrituko luketela”, azaldu du.

Zestoako Etxeberriak, berriz, aukera “egokia” dela uste du federazioak proposatutakoa, baina Herriartekoak “esentzia galdu” egingo lukela dio: “Herritarren aurrean beste herri baten aurka jokatzeko txapelketa da Herriartekoa”. Halaber, ekainean hastea “azkarregi” dela iritzi diote Zestoan, erabiltzen dituzten frontoiak kudeaketa publikokoak direlako, eta oraingoz pilotariak ezin direlako horietara sartu. “Zain” daudela aitortu dute zestoarrek. Egoera berean daude Zumaiako zesta-puntistak ere. Ekainean jokatzeko aukeraren gainean diote “beste aukerarik ezean onartu” egin beharko dutela jokatzea: “Aukera bat da, eta nahi eta nahi ez egin behar bada, han egongo gara, gogotsu”, esan du Aizpuruak. Halere, “korrika eta presaka” txapelketa egiteari ez dio “zentzu handirik” hartu zumaiarrak: “Egoera berri honen aurrean urte batean txapelketa egiten ez bada ere, ez dut uste ezer gertatzen denik”.