Segurtasun eta prebentzio neurriei buruzko programa eskainiko du UKUEk

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko merkatari, ostalari eta zerbitzuetako profesionalei bideratutako segurtasun eta prebentzio neurriei buruzko programa jarri du martxan. Hiru saiotan banatuta egongo da ikastaroa, eta maiatzaren 19an, 20an eta 21ean eskainiko du. 

COVID-19 birusak sortu duen egoeraren aurrean, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko merkatari, ostalari eta zerbitzuetako profesionalei bideratutako segurtasun eta prebentzio neurriei buruzko programa jarri du martxan maiatzaren 19, 20 eta 21erako.

Ekimenaren helburu nagusia da eskualdeko negozioetako profesionalei laguntza teknikoa eskaintzea; beti ere, segurtasuna bermatuta, protokoloak ezagutu eta bete ditzaten. Indarrean dagoen araudia ezagutzeaz gain, partaideek sektoreka hartu beharreko neurrien berri izango dute ikastaroan, eta neurriak planifikatzen eta langile nahiz bezeroentzat konfiantzazko eremuak sortzen ikasiko dute.

Hiru saioetan banatuta dago programa, eta online bidez eskainiko du UKUEk. Gainera, saio bakoitza hiru aldiz eskainiko dute, hainbat azpisektoretan banatuta, eta edukia ere azpisektore bakoitzera moldatuta egongo da. 8:30etatik 10:00tara ostalaritza negozioentzat izango da, 14:30etatik 16:00etara merkatarientzat eta 19:00tatik 20:30era bestelako establezimendu eta profesionalentzat. Taldekako online saioez gain, partehartzaileei aholkularitza teknikoa ere eskainiko zaie; banakako bisiten bitartez, norberaren establezimenduan bertan. Aholkularitza teknikoaren jasotako eskaeraren araberakoa izango bada ere, ezinbesteko izango da aurrez 3 formazio saioetan parte hartzea. Lehentasuna izango dute oraindik ere itxita dauden negozioek. 

Izen-ematea

Ikastaroan parte hartu nahi duten negozioek hemen egin beharko dute izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da, eta izen-emate hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko.