Nahasmenean murgilduta daude ikastetxeak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 13a, 16:00

Eusko Jaurlaritzak klaseen itzuleraren inguruan iragarritako guztia prentsaren bidez soilik jakin dute ikastetxeek. Zumaiena ikastetxean eta Zumaiako BHI Institutuan uste dute ez dela bideragarria astelehenean ikasgelara joatea, baina informazio gehiagoren zain daude momentuz.

Iragan ostegunean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an hainbat ikaslerentzat aurrez aurreko klaseak martxan jartzeko asmoa. Neurria agiri ofizialetan jaso ez bazuten ere, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu zuen beren helburua zela egun horretan ikasgeletara itzultzea Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetakoak eta erdi mailako eta oinarrizko mailako bigarren mailakoak. Dena den, atzo bertan jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak eskolek "autonomia" izango dutela itzulera antolatzeko, alegia, eskola bakoitzaren esku utziko dutela ikasturtea amaitzeko modua.

Agintariak iragarpenak egiten aritu dira, eta komunikabideek horien berri eman dute, baina, ikastetxeek ez dute inolako jarraibiderik jaso Hezkuntza Sailetik. Hala jakinarazi dute Zumaiako Zumaiena eta BHI Institutuko zuzendariek.

Isaak Aranberri Zumaiena ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, arau eta baldintza batzuk behar dituzte ikastetxeek, ateak zabalduko badituzte. Uste du bihar edo etzi informazio gehiago izango dutela gaiaren inguruan baina, gaur gaurkoz, "kaos" batean daudela dio. "Goizean prentsan irakurri dut halako neurririk hartzeko berme juridikorik ez daukala Eusko Jaurlaritzak, alarma egoeran egonik, baimena Espainiako Ministerioak eman behar diolako". Horrez gain, ikastetxe bakoitzak "bere errealitatea" duela dio Aranberrik. "Oso desberdina da bigarren Batxillergoan 180 ikasle dituen ikastetxea edo 30 dituena, horrek desberdin jokatzeko aukera eman dezake, baina ezin da eskola bakoitzaren esku geratu erantzukizuna. Zerbait gertatzen bada, zer? Arazoa eskolarena al da? Eta non dago Hezkuntza Saila, bermeak eman behar dituena?"

Egunero "bonba" bat jasotzen dutela dio zuzendariak, eta, informazio gehiago izateko esperoan, oraindik erabaki irmorik ez dutela hartu azaldu du. Dena den, aurrez aurreko klaseak itzultzekotan, aurreikusi dituzte hori bideratzeko moduak: "udalarekin hitz egin genuen elkarlana egon zedin, materiala kontuan hartu genuen, sarrerak eta irteerak nola izan beharko luketen ere bai... gu ari gara hori lantzen gure errealitatetik", azaldu du. Lanketak lanketa, Aranberrik garbi dauka inork ez dakiela ziur bihar zer gertatuko den, baina uste du, astelehenerako bederen, ezingo direla bermatu beharrezko neurriak.

Idoia Arrieta Zumaiako BHI Institutuko zuzendaria ere prentsaren bidez ari da jasotzen informazio uholdea. Astelehenean zer egingo duten galdetuta, erantzun du ezinezkoa dela erabakirik hartzea, oraindik ez dutelako ezer egiteko agindurik jaso. "Agindua jaso arte, guk ezin dugu pausorik eman", azaldu du. Institutuko ikuskariarekin harremanetan dago, eta hark ere agindurik jaso ez dutela dioenez, orain arteko ebaluazio irizpideekin jarraitzea da beren asmoa. Izan ere, egoerak hala behartuta, apirilaren amaieran hirugarren ebaluaziorako plangintza berezi bat prestatu zuten insitutuan, eta gaur arte hari jarraika dihardute.

Maiatzaren 18an ikasgeletara joateko asmoen berri izan zutenean, helegitea sartu eta hezkuntza delegatuari eta ikuskariari beren iritzia helarazi zioten, eta bertan azaldu zuten, beren ustez, "ezinezkoa" dela datorren astelehenean aurrez aurreko klaseak martxan jartzea. Dagoeneko asteazkena da, eta ez dute berririk jaso. "Zain gaude", esan du Arrietak. Astelehenean aurrez aurreko klaseetara itzultzearen aurka badaude ere, zuzendariak azaldu du prest daudela ebaluazio bilerak eta ikasle gutxi batzuen ohiko azterketak aurrez aurre egiteko. "Markatu genituen irizpideetan hasieratik zegoen aukera aurrez aurre egiteko ohiko azterketak eta unibertsitaterako hautaproba prestatzeko klaseak, baina ez DBHko 4. mailako ikasle guztien klaseak, horrek ez dauka zentzurik", eman du jakitera Arrietak.