"Transmisio aktibo gutxi dago, birusa pasatakoen emaitzak ari dira azaltzen"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko mai. 13a, 11:53

COVID-19az egunero ematen diren datuen atzean dagoena argitu du Felix Zubia mediku zarauztarrak. Izan ere, nahasmena sortu dute datuok behin baino gehiagotan. Sintomak daudenean azkar jokatzea garrantzitsua da orain, Zubiaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren inguruan eman dituen datuen harira. Izan ere, zenbaitetan, ez datoz bat herriz herri jakinarazten dituzten kasu berriak eta lurralde mailan aurkezten dituzten koronabirus kasu positibo berriak. Datu katramila horri argi pixka bat jartze aldera, Felix Zubia medikuarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak. Zarauztarrak azaldu duenez, egun koronabirusa atzemateko test mota desberdinak egiten ari dira. "Alde batetik, PCR testak daude, eta horiek infekzio aktiboa adierazten dute; hau da, pertsona batek une jakin horretan gaitza ote duen ezagutzeko erabiltzen dira", zehaztu du. Hala, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Osasun Ministerioak PCR testak hartzen dituzten kontuan, kasu positibo berriak jakinarazteko.

Bestetik, test azkarrak edo test serologikoak daude, eta horiek pertsona birusarekin harremanetan egon ote den jakiteko balio dute. "COVID-19aren aurkako antigorputzak atzematen dituzte. Horregatik, pertsona une horretan kutsatuta dagoen jakiteko, PCR testa egin beharko litzateke. PCRa negatiboa bada, eta test serologikoa positiboa, esan nahi du pertsona horrek pasa duela koronabirusa".

Zubiaren ustez, herriz herrikako datuak ematerakoan, PCR testetako eta test serologikoetako emaitzak kontuan hartzen ari da Osakidetza. "Horrek ez du esan nahi egunez egun herrietako kontaketan gehitzen diren kasuak kutsatu berriak direnik, horietako asko gaixotasuna pasatakoak izango dira. Gipuzkoan PCR test positiboak oso gutxi dira gaur egun. Transmisio aktibo gutxi daukagu gure lurraldean, eta agertzen ari direnak test serologikoen emaitzak dira".

Sintomen aurrean, azkar
Azken asteetan, koronabirusak nabarmen egin du behera Gipuzkoan, eta mediku zarauztarraren ustez «seinale ona da», baina "erne egon" behar dela ere azpimarratu du. "Arduratsuak izan behar dugu. COVID-19 birusaren agerraldi berriak gertatu ez daitezen, distantzia soziala mantendu behar dugu eta babes neurriak hartzen jarraitu. Mundu mailan espero dira agerraldi berriak, eta Txinan, Hego Korean eta Alemanian kasu berri batzuk atzeman dituzte dagoeneko. Ez da aurreko hilabeteetan izan dugun uholderik espero, baina gorakada txikiak izango dira, eta horrelakoak ekiditeko edo kontrolatuta edukitzeko, babes neurriak hartzen jarraitu behar dugu". Hala, Zubiaren iritziz, "oso garrantzitsua" da positibo berriak azkar atzematea. "Norbaitek sintomak dituela nabari duenean, azkar jarri behar du bere osasun zentroarekin harremanetan testa egin ahal izateko, eta positiboa bada, bere ingurukoek ere testa egin beharko dute, sintomarik gabeak atzemateko, eta gaitza komunitatean zabaltzea ekiditeko. Martxo bukaerako egoerarekin alderatuta bide onetik goaz, baina azken txanpan arduraz jokatu behar dugu herritarrok, egoera okertu ez dadin".