Ez da koronabirus kasurik atzeman Zumaian azken 24 orduetan

Baleike 2020ko mai. 12a, 14:20

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken orduetan ez da kasu berririk atzeman herrian. Guztira, 49 kasu zenbatu dituzte krisialdia hasi zenetik.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken orduetan ez dute koronabirus kasu positiborik zenbatu eskualdeko herrietan. Beraz, datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik eskualdeko 284 lagun kutsatu dira eskualdean koronabirusaz. Hala eta guztiz, aipatzekoa da azken egunotan kutsatu berrien kopurua moteltzen ari dela nabarmen. Hurrengoak dira kutsatuen kopuruak herriz herri: 160 lagun kutsatu dira Zarautzen; 49 Zumaian; 21 Orion; hemezortzina Azkoitian eta Azpeitian; bosna Aian, Getarian eta Zestoan; eta hiru Aizarnazabalen. Errezilen eta Beizaman, aldiz, ez dute COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bizilagunik atzeman. Datuak hauek dira, baina ezin da jakin zehazki eskualdeko zenbat herritar dauden, gaur egun, gaitzarekin. 

Lurraldekako datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11 dira azken orduetan PCR testetan positibo eman duten herritarrak -Gipuzkoan, bakarrak-, eta 158 izan dira test azkarretan positibo emandakoak. Sendagiria, berriz, 280k jaso dute, eta bederatzi pertsona hil dira. Krisialdia hasi zenetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17.840 dira koronabirusaz kutsatutakoak, eta 1.922 hildakoak.

Nafarroako Gobernuak ere plazaratu ditu datu eguneratuak, eta zehaztu du, kontaketa hasi zutenetik, 7.442 lagun kutsatu direla koronabirusarekin eta 460 lagun hil direla. Azken 24 orduetan, 151 positibo zenbatu dituzte lurralde horretan.

Datuen interpretazioa

Garrantzitsua da datuek islatzen dutena interpretatzen jakitea. Herriz herriko zenbakiek test serologikoetan positibo eman dutenen datuak adierazten dituzte. Zenbaki horrek ez du esan nahi atzotik gaixo kopurua hazi dela, antigorputzak garatu dituzten pertsonen kopurua hazi dela baizik.

Antigorputzak garatu dituztenak gaixo egon daitezke, edo gaixotasuna gaindituta izan dezakete. Unean bertan gaixo dauden edo ez atzematen duen testa da PCR-a. Herriz herri ematen dituzten datuetan ez da argitzen test serologikoan positibo emandakoetatik zenbatek eman duten positibo PCR testean ere, beraz, ezin da jakin herriz herri gaixo daudenen kasu berririk atzeman duten edo ez.

Lurraldeka ematen diren datuetan, berriz, PCR testean positibo eman dutenen kopurua hartzen da aintzat, horiek