Kasu positibo bat atzeman dute azken orduetan Zumaian

Baleike 2020ko mai. 11a, 14:33

Eusko Jaurlaritzak emandako datuei dagokienez, eskualdean COVID-19 gaitzaz kutsatutako kasu bat baieztatu dute Zumaian. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik baieztatu.

Aurreko asteko joerari heldu dio berriro ere koronabirusaren hedapenak Urola Kostan, eta kutsatu berrien kopurua moteltzen ari da nabarmen. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakitera eman dituen datuen arabera, kasu positibo berri bakarra atzeman du eskualdean: Zumaian, hain zuzen ere. Gainontzeko herrietan ez da gorabeherarik izan.

Kontaketa hasi zutenetik, honako hauek dira herriz herriko datuak: 160 lagun kutsatu dira Zarautzen; 49 Zumaian; 21 Orion; hemezortzina Azkoitian eta Azpeitian; bosna Aian, Getarian eta Zestoan; eta hiru Aizarnazabalen. Errezilen eta Beizaman, aldiz, ez dute COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bizilagunik atzeman.

Lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamaika lagunek eman dute positibo PCR testa egin ondoren; horietatik hamar Bizkaian izan dira, bat Araban eta Gipuzkoan batere ez, alegia. Test azkarretan positibo eman dutenak, berriz, 31 izan dira hiru lurralde horietan. 17.709 dira kutsatutakoak, eta horietatik dagoeneko %83,1 sendatu dira. Koronabirusagatik azken orduetan bost lagun hil direla jakinarazi du jaurlaritzak; orotara, 1.423 lagun hil dira.

Nafarroan 7.486 lagun kutsatu dira koronabirusarekin kontaketa hasi zutenetik, eta 490 lagun hil dira. Azken orduetan, gainera, hamahiru kutsatu berri eta bi hildako egon dira.

Datuen interpretazioa

Garrantzitsua da datuek islatzen dutena interpretatzen jakitea. Herriz herriko zenbakiek test serologikoetan positibo eman dutenen datuak adierazten dituzte. Zenbaki horrek ez du esan nahi atzotik gaixo kopurua hazi dela, antigorputzak garatu dituzten pertsonen kopurua hazi dela baizik.

Antigorputzak garatu dituztenak gaixo egon daitezke, edo gaixotasuna gaindituta izan dezakete. Unean bertan gaixo dauden edo ez atzematen duen testa da PCR-a. Herriz herri ematen dituzten datuetan ez da argitzen test serologikoan positibo emandakoetatik zenbatek eman duten positibo PCR testean ere, beraz, ezin da jakin herriz herri gaixo daudenen kasu berririk atzeman duten edo ez.

Lurraldeka ematen diren datuetan, berriz, PCR testean positibo eman dutenen kopurua hartzen da aintzat, horiek direlako egun batetik bestera atzemandako gaixo errealak; gainontzekoek, dagoeneko gaindituta dute gaixotasuna.