Ezingo da etxe barruan talde txikietan elkartu lehenengo fasea indarrean den bitartean

Baleike 2020ko mai. 11a, 14:15

Eusko Jaurlaritzak murrizketa batzuk ezarri dizkie alarma egoeratik irteteko Espainiako Gobernuak lehenengo faserako hartutako neurriei. Hona hemen Ertzaintzak aplikatuko dituen irizpide nagusien zerrenda.

COVID-19ak eragindako alarma egoera arintzeko 1. fasea gaur sartu da indarrean Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak onartutako neurri batzuk murriztu egin ditu Eusko Jaurlaritzak, eta txostena osatu du, zehaztuz Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian lehenengo fase honetan zer egin daitekeen eta zer ez. Hauek dira Ertzaintzak aplikatuko dituen irizpide nagusiak:

Etxe barruan talde txikietan elkartzea badago hartu-eman sozialetarako?

Ez. Horixe dio Ertzaintzaren txostenak.

Mendekotasunen bat duten senideak bisitatzera joan daiteke?

Bai, bisita egitera edo zaintzera.

Bigarren etxebizitzara joan daiteke?
Ez.

Ordutegiak mantentzen dira?

Bai. 14 urtetik gorakoek 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 bitartean egin dezakete kirola, baita paseatu ere. 70 urtetik gorakoek edo ezintasunen bat dutenek, 10:00-12:00 eta 19:00- 20:00 tartean irten dezakete kalera. 14 urtetik beherakoak, berriz, 12:00etatik 19:00etara atera ahalko dira kalera, heldu batekin, ordubetez gehienez. Kilometro bateko muga zuten orain arte, baina orain ez du halakorik zehaztu Ertzaintzak.

Salbuespenak ere badaude: osasun arrazoiengatik edo kontziliazioagatik, jarduera fisikoa egin ahalko da ezarritako ordutegi horietatik kanpo.

5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, orain arte bezala, ez da ezarriko ordutegirik; 06:00etatik 23:00etara atera ahalko dira herritar guztiak. Dena den, jarduera fisikoa egiteko ondoko udalerrira joanez gero, eta hori 5.000 biztanletik gorakoa bada, udalerri horren ordutegiak errespetatu beharko dira.

Ostalaritza sektoreko terrazak irekiko dituzte?

Bai, %50 murriztuta. Mahaien artean bi metroko tartea utzi beharko da, eta udalerriek baimena eman dezakete handitzeko mahai kopurua eta horiek kokatzeko eremua. Gehienez hamar lagun elkar daitezke mahai bakoitzean, eta ordutegia zabala izango da: 23:00ak arte. Elkarte gastronomikoek itxita jarraitu beharko dute.

Kalean ibiltzea badago?

Bai, baldin bada elikagaiak, botikak eta 0 eta 1 faseetan onartutako produktu edo zerbitzuak erosteko edo kontsumitzeko. Horrez gain, baita lantokira, osasun zentroetara, nahiz zaintza lanak egitera joateko  (alegia, adinekoak, adingabeak, menpekotasunen bat dutenak eta pertsona zaurgarriak zaintzeko). Banketxera, abokatuarenera eta gestoriara ere joan daiteke.

Mugitu al daiteke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean?

Bai, ondorengo egoera hauetan bakarrik: ohiko bizilekura bueltatzeko; osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

Aurreko puntuan aipatutako saltoki edo zerbitzu horiek ez badaude norberaren udalerrian edo ondokoan, urrunago joan ahalko da.

14 urtetik beherakoak heldu batekin joan daitezke, baimendutako jardueraren batera baldin badoaz.

Eta umeak edo bilobak zaintzeko?

Erkidego osoan mugikortasuna baimenduta dago umeak edo bilobak zaintzeko. Dena den, Eusko Jaurlaritzak aholkatu du ahalik eta gehien mugatzea mugikortasuna.

Dokumenturik eraman behar al da soinean, lanera zoazela frogatzeko?

Ez da derrigorrezkoa, baina gomendagarritzat jo du Ertzaintzak.

Non, nork eta noiz egin daiteke kirola?

14 urtetik gora eduki behar dira, bakarka egin behar da, eta egunean behin bakarrik, denbora mugarik gabe baina ezarritako ordutegien barruan. Eremu publiko guztietan egin daiteke, baita ingurune natural edo berdeetan ere, udalerri barruan edo ondokoan. Leku itxietan ezin da kirolik egin.

Paseatzeko zer neurri ezarri dituzte?

Bakarka edo etxekoekin paseatu daiteke, ezarritako ordutegietan, udalerrian bertan edo ondokoan.

Baimenduta daude beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak?

Baimenduta daude, baina hamabost lagun elkartu daitezke gehienez leku irekietan, eta hamar lagun, itxietan. Osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Gurtza zentroetara joan ahalko da, baina edukiera %30era murriztuko da.

Zer baldintza bete behar dira autoan joateko?

Bederatzi lekurainoko auto pribatuetan, ilara bakoitzeko pertsona bakarra joan daiteke, diagonalean eta maskara jarrita. Elkarrekin bizi direnak auto berean joan daitezke, maskara eraman beharrik gabe. Garraio publikoetan, derrigorrezkoa izango da maskara, eta gutxienez metro eta erdiko distantzia egon behar da bidaiarien artean. Motoei dagokionez, bi lagun joan daitezke moto berean, biek kasko integrala edo maskara badaramate edota etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea ere derrigorrezkoa da.

Zer saltoki zabal daitezke gaurtik aurrera?

Orain arte zabalik zeudenez gain (elikagaiak saltzen dituztenak, farmaziak, osasun zerbitzuak ematen dituztenak, optikak, prentsa, gasolindegiak, gailu teknologikoak saltzen dituztenak, tindategiak…), gainerako saltoki minorista guztia, 400 metro koadroko azalera baino gutxiago badute. Saltoki horietan %30era murriztu beharko dute edukiera, eta gutxienez bi metroko tartea bermatu behar dute bezeroen artean; ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da dendan. Gainera, lehentasunezko ordutegi bat ezarri beharko dute 65 urtetik gorako bezeroentzat.

Okindegiek sal ditzakete edariak, kafea barne?

Eramateko baldin bada, bai. Terraza baldin badute, ostalaritza zerbitzuetarako irizpideak jarraitu beharko dituzte.

Azokak egin daitezke?

Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri. Jai azokek, berriz, debekatuta jarraituko dute. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Azken horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak zabalik egongo dira?

Ireki ahalko dute, autoak konpontzeko eta piezak saltzeko. Bezeroen arreta osasun irizpideei jarraituz egin beharko dute.

Kontzesionarioak eta IAT txartela ateratzeko guneak zabalduko dituzte?

Bi, baina aurrez txanda hartu beharko da. Dena den, IAT txartelen iraungitze datak bertan behera utzi dituzte  urte amaierara arte. Autoak desgaitzeko guneak ere lanean aritu daitezke, beren jarduera osoan.

Herritarrentzat zabalik egoteko baimenik ez duten saltokiek egin al ditzakete mantentze lanak barruan?

Bai.