Hego Euskal Herria, lehen fasera

Astelehenean konfinamendua arintzeko lehen fasera igaroko dira Hego Euskal Herriko lau lurraldeak, eta herritarren egunerokoan eragina izango du horrek. Neurri zehatzak asteburuan jakinaraziko dituela jakinarazi Espainiako Gobernuak, baina aurreratu du 5.000 biztanletik gorako herrietan orain arteko ordutegiei eutsiko dietela.

Hegoaldeko lau lurraldeak igaroko dira astelehenean lehengo fasera. Erkidegoetako ordezkariekin mintzatu ondoren, agerraldia egin dute Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroak eta Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak, eta haiek jakinarazi dute zein erkidego pasatudiren lehen fasera eta zeintzuk jarraitu beharko duten orain arteko moduan. 

Illak herritarrei eskerrak emanez hasi du agerraldia, eta nabarmendu du herritarren jarrera onari esker lortu dela pandemiaren puntu gorena gainditzea. Fase berriak bi oinarri izango dituela esan du: erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana erabakiak hartzerakoan eta zuhurtzia. Zuhurtzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu du behin eta berriz Illak.

Lehenengo fasearekin indarrean sartuko diren neurri zehatzak asteburuan jakinaraziko dituztela esan dute, baina aurreratu dute 5.000 biztanletik gorako herrietan orain arteko ordutegi berak mantenduko direla. Hori bai, astelehenetik aurrera, erkidegoek eskumena izango dute haurrak ateratzeko ordutegia egokitzeko beren egoera klimatologikoaren arabera. Beste aldaketa txiki batzuk izango direla ere gaineratu du Simonek, "talderik zaurgarrienak" babeste aldera. 

"Herritarrek ulertu behar dute pasatutakoak pasatu ondoren ezin dugula onartu bakan batzuek zapuztea", esan du Simonek. Ohartarazi duenez, neurriak arintzea erabakitzeko orduan osasun publikoaren irizpideek izango dute pisurik handiena. "Bateragarria da ateratzea eta bizi baldintzak hobetzea eta segurtasun neurriei eustea".