Langabezia tasa 1,3 puntu igo da urtearen hasieratik

Baleike 2020ko mai. 9a, 09:00

Apirileko langabezia datuak jakinarazi ditu Lanbidek, eta % 8,9 da Zumaiako langabezia tasa. Koronabirusaren osasun krisiak eragina izan du igoeran; izan ere, urtarriletik puntu bat baino gehiago igo da tasaren ehunekoa (%7,6 zen orduan). Iazko apirileko datuekin alderatuz gero, 1,7 puntu igo da langabezia tasa herrian.

Koronabirusaren osasun krisia ekonomian ere ari da eragina izaten; izan ere, azken bi hilabeteetan asko izan dira lanean aldaketak jasan dituzten nahiz langabezian gelditu diren herritarrak. Lanbidek dagoeneko kaleratu ditu apirileko langabezia datuak, eta eskualdeko herri guztietan izan du eragina COVID-19 gaitzak eragindako krisiak, baita Zumaian ere. 

2019ko datuekin alderatuz gero, 1,7 puntuko igoera izan du urtebetean Zumaiako langabezia tasak. Apirilean % 8,9 izan da, eta % 7,2 zen iazko hil berean –431 pertsona daude orain lanik gabe Zumaian–. Aurtengo urtarrila eta apirilarekin alderatuta, berriz, 1,3 puntuko aldea dago. Gaur egun lanik gabe dauden herritarretatik 266 dira emakumezkoak –% 60,05– eta 177 gizonezkoak –% 39,95–. 

Datu gehiago
Aizarnazabal da Urola Kostan langabezia tasarik handiena duen herria, baita azken bi hilabeteetan igoera handiena izan duena ere. Lanbidek emandako datuen arabera, apirilean %13,4 zen hango tasa, eta eskualdean ez da apirilean %10eko muga gainditu duen beste herririk. Urtarrileko datuekin alderatuta, 3,8 puntu hazi da langabezia tasa, eta iazko apirileko datuekin konparatuz gero, berriz, hiru puntu. Aizarnazabalen ostean, Orio, Getaria eta Zarautz dira hurrenez hurren langabezia tasaren igoera nabarmenena jasan duten herriak. Izan ere, 2019ko apirileko datuak eta aurtengo apirilekoak parez pare jarrita, Orion 2,9 puntu hazi da tasa (%9,8), Getarian 2,4 puntu (%7,7) eta Zarautzen 2,1 puntu (%9,1).

Langabezia tasa gutxien igo den herrien artean daude Zestoa eta Azkoitia: bi herri horietan %0,8 egin du gora langabetu kopuruak. Dena den, Azkoitiko langabezia tasa (%9,5) eskualdeko hirugarren handiena da –Aizarnazabalek eta Oriok dute langabezia tasa altuena–. 2019ko apirilean %8,7 zen langabetuen kopurua Azkoitian, eta aurtengo urtarrilean %8; beraz, urtarriletik apirilera 1,5 igo da tasa. Zestoan ere igoera izan du langabeen kopuruak apirilean: %9ra iritsi da langabetu kopurua. Aurreko hilabeteetan %8aren bueltan ibili izan da Zestoako langabezia tasa, baina koronabirusak eragin du herri horretan ere. Azpeitiko datuak ere ez dira onak, baina 2019ko datuekin alderatuz gero, bi puntu baino gutxiago hazi da langabezia tasa: 1,6 puntu. 683 dira gaur egun langabezian diren azpeitiarrak (%9,4) eta 551 ziren iazko apirilean (%7,8). Urtarriletik apirilera, berriz, puntu bat igo da herri horretako langabezia tasa. 

Herri txikiagoetako errealitatea ere aipatzekoa da; izan ere, Aiako (%6,5), Beizamako (%6,8) eta Errezilgo (%6) langabezia tasak dira txikienak, eta langabetu kopuruan ere ez da aldaketa handirik izan. Are gehiago, Beizaman eta Errezilen jaitsi egin da langabezia tasa, 2019ko apirileko datuekin alderatuz gero: joan zen apirilean 19 lagun ziren langabezian Errezilen, eta 23 iazko apirilean; aldiz, Beizaman lau lagun ziren langabezian joan zen apirilean, eta 8 iazko hil berean. Aiaren kasua desberdina da; izan ere, tasak Urola Kostako txikienetarikoa izaten jarraitzen badu ere, igoera nabarmena izan da. Apirilean 1,2 puntu hazi da langabezia tasa 2019ko apirileko datuekin alderatuz gero: gaur egun, 68 lagun daude langabezian Aian. Urtarriletik apirilera, berriz, 1,5 puntu hazi da tasa.

Gipuzkoan ere igoera izan du langabezia tasak: 2019ko apirilean %8,7 zen lurralde horretako langabetu kopuruaren ehunekoa, eta bukatu berri den apirilean %10,6 izan da. Beraz, 1,9 puntu hazi da langabezia tasa urtebetean lurraldean. Igoera pixka bat handiagoa izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasak; izan ere, 2019ko apirilean %10,8 zen tasa, eta joan berri den apirilekoa %12,9 izan da –2,1 puntuko igoera–. Apirileko datuei erreparatuz gero, bi tasa horien azpitik dago Azpeitikoa.