Irati Osa: "Ia bakarrik egoten naiz ibaian, eta ez dago kutsatzeko arriskurik apenas"

Izaro Altzibar 2020ko mai. 8a, 11:38

Kiroletik bizi diren profesionalek ez ezik, marka esanguratsuak lortzen dituzten goi mailako kirolariek ere entrenatu dezakete ordutegi mugarik gabe. Irati Osa piraguistaren kasua da hori, eta ibaian entrenatzera itzuli da ia bi hilabeteren ondoren.

Ibaian entrenatu dezakezu orain...

Konfinamendua hasi zenean, nire piragua eta palak etxeko garajera eraman nituen, eta ibaitik 200 metrora bizi naizenez, erraztasunez eraman dezaket piragua ibaira, bertan entrenatzeko. Arratsaldeko 18:30ean sartzen naiz uretara, nire entrenamenduak hiru ordukoak direlako, eta goizetan eskolak izaten ditudalako. Ordutegi askatasuna izango ez banu, ezingo nuke entrenamendu osoa burutu, gaueko 23:00etan bukatuko nukelako entrenamendua. Hala ere, ia bakarrik egoten naiz ibaian, eta ez dago kutsatzeko arriskurik apenas.

Zenbait kirolarik irainak salatu dituzte entrenamenduetan…

Ez da nire kasua, eta ez dut entzun halakorik gertatu denik Zumaian, baina lagun kanpotar batzuk kontatu didate entrenatzen ari zirela kalean legez kanpo egotea leporatu dietela.

Agiririk eramaten duzu?

Uretako kirola denez, ezin dut agiririk eraman gainean, baina etxean goi mailako kirolaria naizela frogatzen duten agiriak ditut. 

Neurri hauek ondo iruditzen zaizkio jendeari?

Nire kasuan adibidez, agian ez dute begi onez ikusiko, baina uste dut eraikuntzako langileak lanean hasi diren bezala,  kirolari profesionalek ere badutela eskubidea lanean hasteko; azken finean, beren ogibidea da kirola. Bestalde, arrisku mailaren arabera ari badira zabaltzen lan sektoreak, uste dut kirolean ere itzulera mailakatua izan behar dela, eta lehentasuna izan behar dutela goi mailako kirolariek, behar handiagoa dutelako.

Entrenatzailearekin egiten dituzu saioak?

Aitak entrenatzen nau une hauetan. Etxe berean bizi gara, baina hala ere, nire entrenatzailea dela egiaztatzen duen agiri bat du. Egia da ez dugula arriskurik alde horretatik. Gipuzkoan zehar ere entrenatzeko aukera dut, baina Zumaian entrenatzea aurreikusten dut, hala egin dudalako beti.