Eñaut Elorrietaren eta Fernando Velazquezen proiektuan parte hartu du Sapere Aude Sinfoniettak

Zumaia Agenda 2020ko mai. 7a, 14:57

Eñaut Elorrieta abeslariak eta Fernando Velázquez konpositoreak Harbide zilar bat proiektua aurkeztu dute. Jose Luis Otamendiren hitzak musikatu ditu Elorrietak, eta musika jartzen Sapere Aude Sinfonietta eta Bilboko Koral Elkartea aritu dira.

Abesti soila baino, etorkizunera begira jarritako egitasmo bezala ikusten dute isolamendu egoeratik sortutako proiektu hau. “Gertakizun hurbilek ispiluaren aurrean jarri gaituzten honetan, eta irakurketa kritiko batetatik abiatuta, itxaropenari kantatzen diote. Zilarrezko aukerez betetako aro aldaketa honetan, elkartasunean eta mundu hobe baten aldeko ahaleginean jarri nahi dute arreta”, diote Zumaiako Musika Jaialdiko orkestra egoiliarra den Sinfoniettako lagunek.

Eñaut Elorrieta abeslari eta kantugile gernikarrak sortutako abestiari orkestrazioak gehitu dizkio Fernando Velázquez konpositore getxotarrak, “konposizioari orkestra sinfoniko batek soilik eman ditzakeen tinbreak eta testurak emanez”.

Mondragon Corporation  eta Laboral kutxak babestutako ekimen honetan, Sapere Aude Sinfoniettako 47 musikariek eta Bilboko Koral Elkarteko 87 abeslariekin parte hartu dute. Musikari eta abeslari bakoitzak bere gailuekin grabatutako soinu eta irudiz osatu dute ekimena.

Ken Zazpi taldeko abeslaria, Eñaut Elorrieta bakarkako ibilbidean murgildu da azken urteotan, eta Deserriko Kantak (2013) eta Irteera Argiak (2019) diskoakatera ditu. Aurrez ere Fernando Velázquezekin aritu da: Kaabestri soka boskotearekin abian jarri zuen Harian (2018) egitasmoan, eta Ken Zazpi taldeak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ondutako diskoan (2014).

Fernando Velázquez, Lo Imposible, El Orfanato, Un monstruo viene a verme edo Ocho apellidos vascos filmetako musikaren konpositorea da, eta bere ibilbideko unerik oparoenetako batean dago. 'Patria' telesailaren eta 'Hil Kanpaiak' pelikulako soinu bandak konposatu ditu azken aldian.

Harbide zilar bat

Geltoki hits honetan

garraio gaia norbera denean,

oraina ez al dago

geroa baino askoz urrunago?

Harago

zer dago?

 

Albokoa ahaztuta menderik-mende;

berrogeialdi luze batean gaude,

lur akitua bada bizitze honen sari,

galduz nahi dut irabazi.

 

Egutegi berria

sortuko dugu jende duinarentzat,

ekaitz perfektuak,

elkar limurtzeko presazko kantuak,

murmurak,

uluak.

 

Beldur zuriak hartu gaitu barrutik,

ez da maitasuna beste sendagairik,

nola aterako naiz neure baitatik

ez bada zugan sarturik!

 

Zer dago

geroaz harago?

Harbide zilar bat

borrokarako.

 

Leiho ertzetatik elkartasuna eske,

berrogeialdi luze batean gaude,

lur akitua bada bizitze honen sari,

galduz nahi dut irabazi.

 

Zer dago

geroaz harago?

Harbide zilar bat

borrokarako.

 

Izurri honek bihotza jango al dit?,

ez dut maitasuna beste sendagairik,

nola aterako naiz neure baitatik

ez bada zugan sarturik!

 

Ez al dira,

ekaitzak, uluak …

aro berri baten

zantzuak?

 

Zer dago

geroaz harago?

Borroka zilar bat

gaur egiteko.