Aurtengo eta hurrengo urteko errenta aitorpenak, teknikari baten ikuspegitik

Onintza Lete Arrieta 2020ko mai. 5a, 14:09

Apirilaren 6an abiatu zuen Gipuzkoako Foru Ogasunak 2019ko errenta aitorpena egiteko kanpaina. Inoiz baino proposamen gehiago bidali ditu, 257.714, eta errenta online egitera bultzatu du bideo tutorialak eskainiz. Aitortzaileen zalantzak telefonoz argitzen dituen teknikari zarauztar batek hainbat aholku, informazio eta iritzi eman du aurtengo kanpainaz, eta hurrengoaren zailtasun batzuk gogorarazi ditu.

Errenta aitorpena online egin behar dutenei telefonoz laguntzen ari da Ogasuneko langile zarauztar bat azken asteetan. Erdi mailako teknikaria da Ogasunean, sei hilabeterako deitzen diote, eta berak telefono bidezko arreta aukeratzen du. "Normalean araudiari buruz herritarrek dituzten zalantzak argitzen ditugu, baita Internetez errenta aurkezten lagundu ere. Pixka bat denetarik".

Aurtengo kanpaina, zalantzarik gabe, desberdina izaten ari da. Bulegoak itxita alarma egoeragatik, uztailaren 29an amaituko da kanpaina, eta bulegoak zabaltzeko asmoa baduten arren, hilaren erdialdera arte behintzat itxita egongo dira. Eta orduan zabalduko dituzte, "dena ondo badoa" . Oraingoz aukera bakarra online egitea da. Ordea, aukera hori ere ez dauka errenta aitorpena aurreneko aldiz egin behar duenak. "Bulegoak ireki arte itxaron beharko dute horiek", esan du teknikariak.

Perfil anitzetako herritarren deiak ari da jasotzen teknikaria. " Denetarik dago. Iaz eragiketa arraroren bat egin bazuten (akzioak saldu, etxea erosi...) , kalkuluak egiteko zailak dira, eta jendeak nahiago du ofizinara joan eta hango batek egitea, seguruago sentitzen direlako beren kabuz hori Internetez egiten hasi baino. Helduak gehiago joango dira bulegora, eta gazteak gehiago animatuko dira Internetez, baina denetarik dago. Adin kontua ere bada, baina ausardia kontua ere bai". 

Datorren urtekoan bi berezitasun

Datorren urtekoa ere berezia izango dela aurreikusten du zarauztarrak. "Konplikazio batzuk izango ditu datorren urtekoak, batetik, aldi baterako lana erregulatzeko txostena aplikatu zaien herritar asko egongo direlako. Bestetik, hildakoen errenta asko ere egongo da. Beti izaten da konplikatua hildakoen kasuan, eta kopurua igotzen bada, gehiago". 

Aldi baterako lana erregulatzeko txostena aplikatu zaienei dagokienez, diru hori lan sarrera bezala kontatuko da.  "Hori da lan etekinak gehitzea bezala. Urte osoko sarrerak hartuko zaizkie kontuan, eta inportanteena atxikipena begiratzea izango da. Ea orain arte bezala atxikitu zaien, ala gutxiago. Izan ere, langabeziak ez daukanez atxikipenik, gero ordaintzera ateratzen zaie askori, eta asko kexatzen dira. Hori ez gertatzeko, atxikipena igo behar dute. 

Hildakoen errenta aitorpenari dagokionez, zarauztarraren ustez beti izaten da konplikatua, "normalean kontu korrontea blokeatuta egoten delako, oinordeko denek ados jarri behar dutelako denek portzentaje berean ordaindu edo kobratuko dutela, eta  Ogasunak ere asko babesten duelako bere burua, bestela gero konplikazio asko egoten direlako". Normalean testamentua eginda hiltzen da jendea eta gauzak ondo banatuta. "Kontua da errenta egiterakoan, oinordekoek egin behar dutela, eta arazoak hori ordaintzeko edo kobratzerako orduan egoten dira. Pertsona bat hiltzen denean normalean kontua blokeatu egiten zaio, eta banaketa egin ondoren kontua itxi egiten dute. Gero Ogasuna etortzen da, eta Ogasunak, ez badago herritar horren izenean konturik,ez du ordainketa egiten. Hortaz, erreklamatu egin behar da. Aurten,ordea, eredu berria jarri du Ogasunak, iaz arazo dezente egon zirelako. Aurten da jakitea zein diren oinordekoak eta bakoitzak testamentuan zer portzentaje duen, eta horren arabera kobratu edo ordainduko da dena. Hori Ogasuneko webgunean dago ikusgai ". 

Autokritika

"Ogasunak zer egite du okerren? Askotan ez gara besteen tokian jartzen; agian senitarteko bat hil zaie, eta gu ari gara paperak eskatzen... Gure bulegoko ordutegiaz ere kexatzen da jendea, arratsaldez egotea nahi dutelako. Larunbat goizetan bagaude, baina arratsaldeetakoaz kexatzen dira. Horrez gain, guk gauzak gure erara azaltzen ditugu, guk dazkigun bezala, baina agian jendearentzat arrotzak dira, igual nahiago zuketen beste era batera esplikatzea. Proposamena bidaltzen zaienean ere, esplikazio argiagoak behar lirateke. Batzuetan hitz teknikoegiak ditugu bai telefonoz azaltzerakoan, bai gutuna bidaltzerakoan". 

Jakingarriak

Aurtengora itzulita, kontuan hartzeko puntu nagusiak aipatu ditu Ogasuneko teknikariak:

Noiz da derrigorra? "Hori izaten da zalantza ohikoena telefonoz deitzen digutenean, bai aurreneko aldia dutenek, bai diru-sarerra baxuak dituztenek. 20.000 eurotik gorako sarrera gordinak daudenean; 12.000-20.000 artean irabazi denean, baina kontratu bat baino gehiago eduki bada; baita hainbat eragiketa mota egiteagatik 1.600 euro baino irabazi handiagoa lortu badu, nahiz eta laneko sarerrak gutxi izan".

Iaztik aldatu da zerbait? "Bakarrik, gutxieneko soldata dezente igo dela. Lehen 11.000 euro pasatxo ziren, eta orain 12.600 euro dira. Aurtengo normatiban artikulu berri bat ere badago, enpresa sortu dutenei begira, baina aitortzaile normalei begira ez dago berrikuntzarik". 

Aurreneko aldia bada. "Aurten lehendabizikoz egin behar bada errenta aitorpena, eta ez baldin badauka zertifikatu elektronikoa, aukera bakarra da bulegoak ireki arte itxarotea, aurten harrapatuta gelditu direlako. Beste aukera da, bulegoak irekitzen direnean eta klabe operatiboak ematen hasten direnean, horiekin online egitea errenta aitorpena".

Proposamena jaso bada.  Ogasunak milaka proposamen bidaltzen dizkie herritarrei urtero, eta ados egonez gero, onartu egin behar da telefonoz, internetez edo bulegora joanda. Azken hori, oraingoz ezin da. Ados ez badago proposamenarekin, berriz, telefonoz edo internetez alda daitezke hainbat kontu . Esaterako, alokairua, dohaintzak eta sindikatuko kuotak. "Alokairuaren kasuan, honako datuak eman behar dira: etxearen jabea bazara, alokairuan dagoenaren NAN zenbakia, izen-abizenak eta kobratu diozun kopurua.  Alokairuan zeu bazaude, alderantziz: etxearen jabearen NAN eta izen-abizenak eta zenbat ordaindu duzun". 

Informazio fiskala. Ogasunak zutaz dituen datuak jakiteko balio du informazio fiskalak, eta hori online eska daiteke, edo telefonoz, etxera bidal diezazuten. Firma elektronikoarekin momentuan deskarga dezakezu. Bestela, zure NAN eta izen-abizenak jarrita, etxera bidaltzen dute eskutitza. 

Kontratu aldaketak. "Urte berean bi kontratu izan badituzu enpresa berean edo bi enpresetan egin duzulako lan, normalean gertatzen da enpresa bakoitzak atxikipena egiten dizula ordaintzen dizunaren arabera; ez du kontuan hartzen beste lanik eduki duzun ala ez. Bi soldatak gehituta, ordea, portzentajea altuagoa da. Beraz, atxikipena beti motz gelditzen da. Eta Ogasunak egiten du aukerazko likidazioa deiturikoa. Alegia, sarrerak kontuan edukita, atxiki dizutenaren eta atxiki behar lizuketenaren aldea, eta hori ordaintzera ateratzen da. Haserreak eragiten ditu horrek herritarrengan, ez dutelako espero".

Ardura, herritarrak. "Ogasunak proposamena bidaltzeak ez du esan nahi hori ondo dagoenik, batzuetan ez dauzkalako datu guztiak. Esaterako, proposamenetan inoiz ez dira agertzen alokairuak. Aurreko urtean deklaratu bagenuen ere, proposamena iristen bada ez da agertuko alokairua, ez ordaintzen bada, ez kobratzen bada. Jende askok deitzen du hori galdetzen. Herritarrari dagokio ziurtatzea ondo dagoela proposamena, edo datu guztiak aurkeztea. Proposamenarekin ados dagoenean ere, herritarrak onartu egin behar du hori modu aktiboan; hau da, telefonoz deituta, online edo bulegora joanda".

Kontzeptuak, argi. "Errenta aitorpena online egiten hasterako, komeni da argi izatea bi gauza: zer datu eman behar diren, eta kontzeptuen esanahia. Adibidez,  alokairua ordaintzen duenak, askotan ez du jakiten horiek kenkarietan ala sarreretan jarri behar diren. Nahasketa dezente gertatzen dira, eta emaitza asko aldatzen da".

Kenkari nagusiak. "Ohiko etxebizitza erosteagatik edo alokatzeagatik  kenkariak daude. Erosten bada, mailegua da kenkarirako balio duena. 
Umeengatik, aurreneko seme-alabarengatik 603 euro ematen ditu Ogasunak; bigarrenarengatik 747 euro, eta igoz doa. Horrez gain, 6 urte baino txikiagoa den ume bakoitzeko 335  euro inguruko bonifikazioa dago". 

Sarrerak. "Alokairu bat kobratzen ari bagara, esaterako, hori sarreretan sartu behar da. Alokatuta daukagun etxebizitza motaren arabera , desberdin kontatzen da.  Urte osorako alokatzen badiogu norbaiti, aurrezkiko base ezargarrira doa. Etxebizitza turistikoa baldin bada, berriz, base inponible generalera doa". 

Bulegoak. "Ogasunak ahalik eta azkarren zabaldu nahi ditu bulegoak, baina ez dakigu noiz ahalko den. Izan ere, uztail amaieran amaitu nahi da".

Online eta euskaraz. "Errenta aitorpena internez egitera bultzatzeko agindua jaso dugu Ogasuneko langileok. Baita euskaraz egitera ere. Baina hitz tekniko batzuk dira, en fin... Ez da erraza dena ulertzea batzuetan. Hala ere, inork ez dit deitu esanez euskaraz egin nahi duela eta laguntzeko. Hitz solteren bati buruz agian galdetu didate, baina besterik ez".

INFORMAZIOA ETA BIDEO TUTORIALAK.