Etxeko langileek eta aldi baterako aritutakoek subsidioak eska ditzakete

Baleike 2020ko mai. 5a, 12:20

Gaurtik aurrera eska ditzakete laguntzak horiek, Espainiako Gobernuak jada argitaratu baititu ebazpenak Espainiako Aldizkari Ofizialean. Etxeko langileek kotizazio oinarriaren %70a eskuratu ahal izango dute koronabirusak eragindako ondorioengatik. Aldiz, aldi baterako langileek, 430 euroko laguntza eskuratu ahal izango dute behin.

Etxeko langileek eta subsidiorako eskubiderik ez duten aldi baterako langileek dagoeneko eska ditzakete koronabirusa tarteko Espainiako Gobernuak ezarritako aparteko sariak. Espainiako Aldizkari Ofizialean atera dira jada bi ebazpenak, eta beharginek gaurtik aurrera gauzatu ahal izango dituzte eskaerak.

Joan zen martxoaren 31n onartu zituen Espainiako Gobernuak laguntzak, eta apirilaren 2an jarri zituen martxan. Dena den, gaur arte herritarrek ezin izan dituzte eskaerak egin. Subsidio eskaera egiten dutenek eta onartzen zaienek beste hilabete itxaro beharko dute dirua jasotzeko; izan ere, eskaera onartu eta hurrengo hilaren 10ean kobratuko dute. Hala ere, enplegu zerbitzuak hiru hilabete ditu eskaera onartu edo ez erabakitzeko.

Alarma egoera ezarri aurretik etxeko langileen erregimen berezian zeuden beharginek eska dezakete subsidioa, baina hainbat kasutan egin ahal izango dute eskaera: lanaldia murriztu bazaie edo lan egiten zuten etxeetakoren batean edo denetan lan egiteari utzi badiote. Eskaera egin nahi duten herritarrek lanaldia murriztu dioten edo lanetik kaleratu duten enplegatzaileen ardura adierazpena aurkeztu beharko dute, eta horietan zehaztuta egon beharko du zenbat ordaintzen dioten.

Langile horien kasuan, lanaldia murrizteagatik edo kaleratzeagatik jaso gabeko oinarri kotizagarriari dagokion zenbatekoaren %70 izango da saria, eta beti aurreko hilabetea hartuko dute aintzat. Gainera, etxeko langileen nahiz aldi baterako beharginen kasuan, subsidioaren diru muga lanbide arteko gutxieneko soldataren 950 euro izango da. Bestalde, etxeko langileentzako laguntza eta aldi baterako ezintasuna ez dira bateragarriak izango. Horrez gain, ordaindutako baimen berreskuragarria jaso duten beharginek ezingo dute dirulaguntza eskaera egin, eta ezingo dute zenbatekoa jaso eskaera egin ostean gauzatutako lanetan eskuratutako diru sarrerek eta subsidioaren zenbatekoak gutxieneko soldata gainditzen badute.

Bestalde, langabezia saria jasotzeko nahikoa kotizatu ez duten eta alarma egoeran kontratua bukatu zaien aldi baterako langileentzako subsidio berezia hilabete batekoa izango da; hau da, 430 euroko ordaina jasoko dute behin. Dena den, ikusteko dago Espainiako Gobernuak laguntza hilabete batzuetan luzatzea erabakiko duen edo ez. Eskaera egiteko Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko ebazpenean jasota dagoen eredua aurkeztu beharko dute herritarrek.

Hala eta guztiz, hainbat baldintza bete beharko dituzte beharginek laguntza jasotzeko: gutxienez bi hilabetez lan egitea kontratuta bukatu aurretik. Horrez gain, iraupen jakineko kontratuak hartuko dituzte kontuan, izan bitartekoak, formakuntzakoak edo errelebokoak. Eta laguntza ez da izango bateragarria administrazio publikoek emandako gutxieneko errentekin edo horren gisakoekin.