"Hau kate bat da, gure zergekin Osakidetza finantzatzen da eta gremio asko mugitzen dugu"

Onintza Lete Arrieta 2020ko mai. 4a, 11:50

Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian ditu Ane Agirrebeñak Kaioa dendak. Bera da, gainera, Zumaiako merkatari elkarteko presidente. Kezkatuta dago oso egoerarekin, eta argi du herritarren esku dagoela herriko merkataritzaren iraupena.

Ane Agirrebeña oriotarra “gogotsu” dago behingoz lanean hasteko. Kaioa denden jabea da. Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian ditu dendak,  lau langile eta erdi guztira –eta bera–. Enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena eskatu behar izan zuten, eta egun erdiz zegoen langileari ez dio kontratua berritu momentuz. “Martxora arte zuen kontratua. Ondo doala ikusten badugu, segituan deituko diot berriz”. Baina hankak lurrean eduki nahi ditu bada ez bada ere. Gertu Zumaiako merkatari elkarteko presidentea ere bada, eta herri horretako egoeraz ere mintzatu da.

Lana aldi baterako erregulatzeko txostena eskatu zenuen.

Bai, hasieratik. Ez geneukan beste aukerarik. Hornitzaile guztiekin negoziatzen ere aritu naiz, ordainketak atzeratzeko. Izan ere, guk zehazki hilero-hilero egiten ditugu kanpainak. Urtarril erdialdera edukitzen dugu otsaileko bilduma; martxoan beste bat izaten dugu, eta horrela, hilero. Bildumena eten egin dugu, bestela ezin diogulako buelta eman.

Gaur hasiko zarete pixkanaka ateak zabaltzen.

Hori da. Ordua hartuz gero, dendara etor daiteke jendea. Zumaian, esaterako, bi neskarekin geldituta nago gaur. Zarautzen ere ibiliko naiz egunotan laguntzen. Baina, normal, datorren astelehenean hasiko gara, hilaren 11n.

Osasuna babesteko neurri zorrotzak hartuko dituzue, ezta?

Bai, dudarik gabe. Protokoloak orain arte ez dira oso zehaztuta egon, baina ni, adibidez, aurreko egunetan harremanetan egon naiz gure hornitzaile alemaniarrekin, eta han jada zabalik dituztenez dendak, neurriak hartuta dituzte, eta bagenekien zer egin.

Zein dira neurri garrantzitsuenak?

Uste dut garrantzitsuena dela sartzerakoan eskuak garbitzea gelarekin. Berdin eskularruak jantzita eduki ala ez. Hala, arropa lasai uki daiteke. Komeni da jendea maskarekin ibiltzea, baina ez dakigu derrigorra izango den ala ez. Horrez gain, distantziak markatuko ditugu lurrean, zirkuitu antzeko bat eginda. Kaioa dendetan bentaja dugu, eta da sarrera guztietan esertzeko tokia dugula. Barrez aritu ginen, agian kafea egiteko makina jarriko dugula esanez. Eta ez da ideia txarra. Horrez gain, probatzen den arropa desinfektatu egin behar da, eta guk behintzat baditugu lurruna 100 gradutara botatzen duten plantxak, eta Alemanian behintzat ikusi dute eraginkorra dela. Probalekuan ere, norbaitek erabili ondoren, plantxaren lurruna pasako diogu gortinei eta.

Urteak daramatzazue kanpainak egiten herritarrek herriko denda txikietan kontsumitzeko. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa izango da herritarrek esfortzua egin eta bertan kontsumitzea, ezta?

Zalantzarik gabe. Orain ikusi behar dugu gai garen benetan hemengotarrentzako esfortzu hori egiteko. Hau kate bat da, eta hori bai argi eduki behar dugula: Internetez kanpoko bati erosten badiozu, zerga ordainketa kanpora doa. Hori oso argi eduki behar dugu. Nik, adibidez, ordaintzen dut: BEZ %21, eta horrez gainera, %5,2 baliokidetasun errekargua. Dirutza da. Baina zerga horiek denak kanpora badoaz, horiek ez doaz Osakidetzara. Kanpora doa dena, eta milioiak dira Gipuzkoan. Horrez gain, ingurukoei ere lana ematen diogu: astero etortzen zaigu beirak garbitzera bat, eta bi modista ditut, bat Azpeitian eta bestea Orion. Langileak ere baditut. Eta zerbait margotu behar badut margolariari esaten diot, edo bonbilla gastatu bada, elektrikariari. Kate bat gara, eta kate hori apurtzen badugu, ez dakigu zer min egiten diogun gure ekonomiari.

Herrian kontsumitu behar dela, alegia.

Bai, oso garrantzitsua da. Letxuga bat, kamiseta bat, oinetakoak… Herrian bertan erosten badugu, produktu aukera ere zabalduz joango litzateke. Zapatila gutxi dituzu, esan zidan batek. Noski, ez baduzu saltzen… Aurreko batean, esaterako, Zarautzen nengoen, eta oriotar batek erakutsi zidan familiako bati erosi zion oparia. Zarautzen erosi zuen, berak denda Orion daukanean. Eta nik produktu hori bera ikusia nuen Orion. Askotan ez dugu baloratzen daukaguna. Bestea hobea dela uste dugu; Orion baino, Zarautzen hobe. Eta horrela. Baina dendak ixten badira, Hendaia bat bihurtuko gara. Hori da nahi duguna?

Errealitatea da herritarren kontsumo ohiturak aldatzen ari direla, eta herriko produktuak kontsumitzeko ere Internetez erosteko aukera egotea inportantea bilakatzen ari dela. Merkatari txikiok pilak jarri behar dituzue Interneten eta sare sozialetan egoteko?

Neuri pertsonalki ez zaizkit gustatzen sare sozialak, agian neu oso diskretua naizelako. Baina negozio mailan, oso kontuan hartzeko plataforma da. Gazteak sakelako telefonoari lotuta bizi dira, ikaragarria da. Jende horrengana iristea inportantea da, eta hori lortzen da sakelako telefonotik. Merkatari gazteak badabiltza horretan, baina zaharragoei kosta egiten zaie, beraiek ere ez direlako sare sozialen kontsumitzaileak. Guk, merkatari elkartetik, egin izan ditugu webguneak, ikastaroak Instagram erabiltzen ikasteko, Orion eta Zumaian argazki lehiaketak ere egin izan ditugu… Azpeitiko arrandegi batek, esaterako, sekulako argazkiak ateratzen dizkie sarri-sarri arrainei, eta produktu hori erosteko gogoa ematen dizu. Oso garrantzitsua da plataforma horiek erabiltzen ikastea. Ez dakit horrek ekarriko duen online saltzea, baina pauso bat da. Lehen Internetez erosteaz aritu naiz, baina ez da gauza bera Internetez hemengo bati erostea, edo kanpoko bati. Kanpoko bati erosten 100 euro gastatzen badituzu, horietatik 10 euro inguru doaz Irlandara hemen Gipuzkoan gelditu beharrean. Diru asko da.

Hain zuzen, Zumaiako Gertu merkatarien elkarteko lehendakari bezala, nola ikusten dituzu datozen hilabeteak?

Zailak, egia esan. Oso zailak. Espero dugu jendeak erreakzionatzea, baina orain, helburu bakarra da eustea.

Lokala norberarena izan, familiakoa, edo alokatuta eduki, horrek ere asko eragingo du aurrera egiterakoan…

Noski. Baina denetarik dago Zumaian. Batzuek berea dute, baina sekulako obra egin dute. Beste batzuk errentan daude baina ez daukate errenta handia, beste batzuk erosten ari dira eta hipoteka dute… Errenta dutenek ez dakit eutsiko dioten.

Zumaiako Udalarekin harremanetan egongo zarete.

Bai. Bilera izan dugu orain egun batzuk, eta intentzio ona ikusi nuen. Prest dute plana martxan jartzeko, eta informazio askorik ezin dut aurreratu, baina oso interesgarria iruditu zait plana. Ikusten da lanean ari direla. Beste herri batzuetan oraindik aztertzen ari direla esaten dizute, sei aste pasa direnean. Aukera baldin badago behintzat lokalaren alokairuarekin laguntzeko, aldea litzateke. Zeren, bestela, jabearen menpe zaude, eta agian hark ezin dizu lagundu hipoteka ordaintzen ari delako.

Zeuk lau lokal dituzu.

Bai, bat neurea da, baina hipoteka ordaintzen ari naiz, eta besteak alokairuan ditut. Horietan hilabete bat ez didate kobratuko. Uste dut lokalen jabeek badutela kontzientzia hori alokairuarekin laguntzekoa, baina bakoitzak bere egoera bizi du, ezin da orokortu.