Herritarrak goiz atera dira kirola egitera

Gaurtik aurrera herritarrek kirola aire zabalean egiteko aukera dute 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 bitartean, zenbait arau errespetatuta. Piraguan, bizikletan, korrika nahiz oinez, jendea zebilen gaur goizean hondartza inguruetan nahiz paol bidean.

Maiatzaren 2a da gaur, larunbata, eta beraz, itxialdia arintzeko hartutako neurri batzuk aplikatzen hasteko eguna. Arau batzuk beteta, herritarrek kirola eta paseoak egin ditzakete herri barruan.

Paseoak, esaterako, egunean behin eta kilometro bateko eremuan egin ahal izango dira. Baina, noraino da kilometroa? Nagusien Tipi-tapa ibilbideen joan-etorria errazteko, Zumaiako Udalak eskuorri bat argitaratu zuen orain urte batzuk. Hor dago zehaztuta distantzia hori, eta hemen ikus daitezke ibilbideak.