MAIATZAK 1

LAB: "Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka honetan, kalean bizitzaren alde borrokan izango gara"

Baleike 2020ko mai. 1a, 16:04

Kalera atera nahi zuen Langileen Nazioarteko Egunean LAB sindikatuak, eta kotxe karabana egin dute eskualdeko herrietan. Oharra ere zabaldu du komunikabideetara: "Kapitalaren eta Bizitzaren arteko borroka da aste hauetan ikusi duguna: patronalaren mesedetan egindako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa batetik; herria, herritarrak, auzokideak, bizilagunak, ingurukoak zaindu nahi dituen komunitatea, bestetik. Bistan denez, orain, inoiz baino gehiago, geure burua antolatu behar dugu borroka hori irabazteko, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berria sortzeko".

“Historiako une desberdinetan erakutsi bezala, langileok badugu mundua eraldatzeko indarra; arazo zehatzei erantzuna ematearekin batera, alternatiba orokorra eraikitzeko gaitasuna”. Hala dio Urola Kostako LAB sindikatuak gaur komunikabideetara bidalitako oharrean. COVID-19 birusaren krisiak eragindako itxialdian dator aurten Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta sindikatuak kalean egon nahi zuen nola edo hala. Horregatik, goizean kotxe karabana bana egin dute eskualdean, bat Orio-Zumaia artean, eta bestea Zestoa-Azkoitia artean.

Sindikatuak eraldaketarako bost ardatz proposatu ditu Maiatzaren Lehen honetan:

  • Herritar orori lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko premiazko neurriak.
  • Osasun eta zaintza sistema publikoa sendotu eta osasun nahiz zaintza baliabide oro publiko bihurtu.
  • Aberastasuna birbanatu eta eskubideak bermatzeko baliabideak eskainiko dituen politika fiskala ezarri.
  • Ekoizpen eta kontsumo eredua birpentsatu eta demokratizatu, ekosozialismoaren eta feminismoaren
  • oinarriak aintzat hartuz.
  • Herri burujabetza bermatuko duen Euskal Errepublika eratu.

Oharrean zerbitzu publikoen garrantzia nabarmendu du LABek, baita emakumeen lana eta auzolana azpimarratu ere.  Azken asteetan ikusitakoak “erakutsi du publikotasunaren garrantzia zenbaterainokoa den. Zer beharrezkoa den osasun eta zaintza sistema publiko sendo bat izatea. Ikusi ditugu hainbat eta hainbat lagun herri eta auzoetako elkartasun sareetan antolatzen. Ikusi dugu zeintzuk diren, benetan, bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak, eta ikusi ditugu, gehienetan, emakumeak lan horiek egiten. Ikusi eta ikasi dugu, gogoratu, gure lanak mugitzen duela mundua eta, era berean, gure lanak eraldatu dezakeela mundua”.

LABek bi eredu ikusten ditu aurrez aurre agerian gelditu direnak: “Kapitalaren eta Bizitzaren arteko borroka da aste hauetan ikusi duguna: patronalaren mesedetan egindako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa batetik; herria, herritarrak, auzokideak, bizilagunak, ingurukoak zaindu nahi dituen komunitatea, bestetik”. Eta antolatzearen beharra nabarmendu du: “Bistan denez, orain, inoiz baino gehiago, geure burua antolatu behar dugu borroka hori irabazteko, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berria sortzeko”.

Sindikatuak azaldu du borrokan jarraituko duela, kalean: “Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren bidetik, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berriaren alde borrokatzera goaz, eremu sindikalean nahiz sozialean eraldaketaren aldeko indarrak bilduz. Gaurko auto-karabana xume hau gure mezua zabaltzeko erabili dugu, eta kapitalaren eta bizitzaren arteko talka honetan, kalean bizitzaren alde borrokan izango garela adierazteko”.

“Garai zailetan datorren M1a”

Aurtengo Maiatzaren 1a langile klasearentzat garai oso zailetan etorri dela uste du LABek. “Bizia galdu dutenez gain, batzuk kaleratuak izan dira, beste askok eskubide murrizketak pairatu ditugu eta askok ziurgabetasunez begiratzen diote etorkizunari. Salbuespen egoera honetan beste hamaika egoera latz bistaratu zaizkigu: prebentzio neurririk gabe lan egitera behartu gaituzte; azken hamarkadetan alderdi sistemikoek (PP, PSOE, EAJ, …) ezarritako murrizketen eraginez, gure osasun sistema publikoa zenbateraino ahulduta dagoen ikusi dugu; ikusi ditugu urteetan zaintza lanak pribatizatu eta azpigaratu izanaren ondorioak; pribatizazioaren ondorio larriak ikusi ditugu ere hondakinen kudeaketan: bi hilabete eta erdi baino gehiago dira Alberto eta Joaquin Zaldibarren desagertu zirela”.

Horregatik, oharrean gogoan izan dituzte sufritzen ari diren herritarrak. “Egoera zail honetan senide, lagun edo hurbilekoren bat galdu duen orori, gure dolumin sentikorrenak helarazi nahiko genizkioke. Animo asko  egun hauetan kutsatua izan eta aurrera ateratzeko aukera izan dutenei ere, segi indartsu. Eta ezin ahaztu kartzeletan edo erbestean dauden gure herrikideak ere, lehendik ere, egoera jasanezina bazuten, orain kalearekin duten harreman apur hori mozturik, mendeku egoera krudelki gogortu dietenak, gogor zuek ere”.