Noraino joan daiteke paseatzen bihartik aurrera?

Baleike 2020ko mai. 1a, 18:00

Pasa den igandean haurrei eman zieten aukera etxetik ateratzeko, ordubetez bada ere. Haurrek bakarrik ez, bihartik aurrera beste adin tarteko herritarrek ere izango dute kalera ateratzeko aukera, paseatzera edo kirola egitera, beti ere ordu jakin batzuetan.

Helduek (15-70 urte artekoek), 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara egin ahal izango dute kirola edo paseatzera atera; 14 urtez azpikoak, 12:00etatik 19:00etara atera ahal izango dira, eta mendekotasuna duten pertsonak eta 70 urtetik gorakoak, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Paseoak, aldiz, egunean behin eta kilometro bateko eremuan egin ahal izango dira, bakarka zein bizikideren batekin batera. 

Baina, noraino joan daiteke Zumaian kilometro bateko distantziaren barruan? Zenbat metro daude udalerriko puntu batzuetatik besteetara? Nagusien Tipi-tapa ibilbideen joan-etorria errazteko, Zumaiako Udalak eskuorri bat argitaratu zuen orain urte batzuk. Argitalpen horretan Zumaiako puntu batzuetatik besteetara zenbat metroko distantzia dagoen adierazten da. 

Beheko Plazatik Talaipera, adibidez, 1.000 metro daude, eta Amaiako plazatik Itzurunera 450 metro. Jadarreko zubitik Beheko Plazara, aldiz, kilometro bat. Beheko mapa honetan aurki daitezke distantzia horiek, eta horren arabera noraino heldu daitekeen biharko paseo horretan.