Kontzientziazioan azpimarra jarriz

Igor Susaeta - Berria.eus 2020ko api. 30a, 17:00
Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariaren ustez, «eremu bizietan» dago presente euskara. Ohartarazi du erabiltzaileen hizkuntza hautuak «zer garrantzi duen ingurune digitalean». Publizitate ereduari eta adimen artifizialeko gailuen hizkuntzari eragin diezaioke.

Euskarak Interneten duen osasunaz galdetu Josu Waliñori (Zumaia, Gipuzkoa, 1972), eta diagnostikoa da presentzia «aktiboa» duela eremu askotan, «eremu bizietan». Datua ere eman du Puntueus fundazioko zuzendariak: 25.000 bat webgune daude euskarazko edukia jasoa dutenak. Baina uste du txanponaren beste aldeari ere begiratu behar zaiola. Euskal Herrian 200.000 bat webgune daude. Ondorio batera heldu da, beraz: «Euskal Herriko Interneten euskarak duen presentzia kalean duen erabilerarekin parekoa da». Hau da, %14ren bueltakoa. Waliñok pentsatzen du sarean oraindik ere «presentzia askoz ere hobea» izan beharko lukeela euskarak.

Ekosistema digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izateko lan egiten du fundazioak, eta zuzendariari iruditzen zaio «erabiltzaileengan» jarri behar dela arreta. «Lan luzea dugu egiteko. Gizarte gisa kontzientzia hartzea falta zaigu oraindik». COVID-19aren krisiak eragindako itxialdian %40 hazi da euskarazko hedabide digitalen audientzia, adibidez. Horrek ekar dezake jendea «behingoz» ohitzea euskaraz ere kontsumitzera sarean. «Behin joera batzuk hartuta... Egongo dira lehen aldiz euskarazko hedabideetara orain heldu direnak, eta ezagutu duten hori kontsumitzen jarraituko dutenak».

Eta horrek bideratu beharko luke, Puntueuseko zuzendariaren iritziz, Interneterako«publizitate ereduak aldatzea», adibidez. Alegia, «Googlek eta halakoek» kudeatzen dituzten ereduek kontuan hartzea euskarazko hedabideak, badutelako presentzia eta trafikoa. «Garrantzitsua izango litzateke geroz eta eduki gehiago egotea euskaraz geroz eta kontsumo handiagoa dagoelako, eta presentzia horrek izatea kontrapartida».

Kontzientziazioan jarri du azpimarra. «Erabiltzaileak ez gara ohartzen hizkuntzak zer garrantzi duen ingurune digitalean». Hautu jakin bat egitearen garrantzia nabarmendu du. Adibidez, sakelakoa euskaraz edo gaztelaniaz jartzea, edo gauza bera egitea ordenagailuaren nabigatzailean. «Jendearentzat ez da garrantzitsua, nahiko gardena egiten zaiolako bat ala bestea, baina ez dugu ikusten horrek mezu bat transmititzen diela ingurune digitaleko eragileei». Halako erabakiei garrantzirik ez emateak, kasu horretan, esaterako, euskararen aldeko hautua ez egiteak ondorio bat ekar lezake: «Erabiltzen ez denez, irits daiteke momentu bat existituko ez dena; hau da, euskara tresna horietan izango ez duguna»

Erreportajea osorik irakurtzeko: Berria.eus