Balenciagak eta Asturiaseko Gondán ontziolek zero isurpeneko lau buke eraikiko dituzte elkarlanean

Baleike 2020ko api. 29a, 11:35

Østensjø Rederi A/S armadore norvegiarrarentzat sortuko dituzte lau bukeak. Armadore horrek iaz iragarritako eraikuntza programa handi baten parte da proiektua. Itsasoko haize-parkeen merkaturako egingo dute lan ontziek. 

Itsasoko haize-parkeak egiteko eta mantentze lanetan arituko diren lau itsasontzi egingo dituzte Asturiaseko Gondán eta Zumaiako Balenciaga ontziolek, elkarlanean. Hidrogenoarekin funtzionatuko duten ontziak izango dira, eta beraz, Zero isurpeneko lehen ontziak izango dira.

Østensjø Rederi A/S armadore norvegiarraren enkargua da. Ontzi bakoitzak 88,3 metroko luzera, eta 19,7 metroko zabalera izango dute, eta 120 lagun eraman ahal izango ditu: 97 tekniko eta 23 tripulatzaile. Mota horretako buke ekologiko eta efizienteenak izateko anbizioz eraikiko dituzte, eta ondoren, itsasoko energia eolikoko merkatura bideratu. Armadoreak iaz iragarritako eraikuntza programa handi baten parte da proiektua. 

Gondán eta Balenciaga Espainiako ontziola pribatu txiki eta ertainak biltzen dituen PYMAR sozietate anonimoaren parte dira, beste hamazazpi enpresarekin batera. Nahiz eta elkarren konpetentzia izan, elkarrekin proiektuak ere egiten dituzte. Almudena Lopez del Pozo PYMAReko kontseilariak balorean jarri du bazkideen arteko elkarlana, eta baita proiektuaren maila teknologikoa ere, etorkizun batean ontziolek jaso ditzaketen eskaerei bultzada eman diezaioketelakoan. 

Berrikuntza teknologikoak
Lau bukeek berrikuntza abangoardista ugari izango ditu. Barruko sistema guztiak efizientzia energetikoa optimizatzeko diseinatu dituzte, karbono aztarna gutxitu eta operazio egonkor eta seguruak egin ahal izateko, baita baldintza klimatiko bortitzetan ere.

Alde batetik, etorkizun batean zero isurpeneko operazioak egitea ahalbidetuko duen teknologia izango dute ontziek, likido hidrogenatuaren erabilerari esker. Aitzindariak izango dira propultsiorako diesel-elektrikoa erabiltzen, erregaiaren kontsumoa gutxituz. Horrez gain, iman iraunkorrez egindako Voith propultsoreak izango dituzte. Teknologia honi esker, propultsio zikloidea propultsio % 100 elektrikora eraldatu ahal izango da. 

Bost tona eta 24 metroko garabiak izango du ontzi bakoitzak, teknikoak aerosorgailuetara gerturatzeko aukera izan dezaten. Elektrikoak izango dira garabiok, eta energia berreskuratzeko gaitasuna izango dute. Ontziko baterietan biltegiratuko da energia hori. 

Bestetik, ontzi barruko beroa berreskuratzeko sistema bat ezarriko diete. Hala, energiari probetxu handiagoa ateratzeaz gain, kontsumoa eta emisioak gutxitzea izango ditu helburu.