Haurrak hasi dira kalera ateratzen

Baleike 2020ko api. 26a, 11:04

Ia hilabete eta erdiz etxean egon ostean, gaur goizean umeak kalera ateratzen hasi dira, gurasoek lagunduta. Gaur gaurkoz, etxetik kilometro bateko bueltan ibiltzeko aukera izango dute, egunean ordubetez, nahi dituzten jostailuak hartuta.

Ikastetxeak itxi zirela 45 egun dira gaur, igandea, eta konfinamendu egoera arintzeko Espainiako Gobernuak hartutako lehen neurria gaur bertan sartu da indarrean: 14 urtetik beherako umeek eta gaztetxoek, ordubetez bada ere, kalera ateratzeko aukera dute aurrerantzean.

Goizean, pixkanaka hasi da mugimendua sumatzen kaleetan; hain zuzen ere, hainbat haur eta gaztetxo atera da kalera gurasoek lagunduta. Horiek etxetik kilometro bat urrundu ahal izango dute bestelako neurririk ezartzen ez duten bitartean, eta parkeetara ezingo dute joan.