Otezuriko beste bi egoiliarrek jaso dute alta medikoa

Baleike 2020ko api. 23a, 20:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak ostegun arratsaldean emandako datuen arabera, eskualdeko lau egoiliarrek gainditu dute gaixotasuna; Zarauzko Santa Ana egoitzako eta Zumaiako Otezuriko bina egoiliarrek, hain zuzen ere.

Berri onak eman ditu gaur, osteguna, Gipuzkoako Foru Aldundiak: Urola Kostako egoitzetan beste lau egoiliarrek gainditu dute gaixotasuna. Zarauzko Santa Ana egoitzan eta Zumaiako Otezurin bina egoiliarrek jaso dute, hain zuzen ere, alta medikoa. 

Azken orduetan 39 izan dira gaixotasuna gainditu duten egoiliarrak, eta guztira, zenbaketa hasi zutenetik, 166 dira alta medikoa jaso dutenak. Donostiako Berra egoitzan, ordea, pertsona bat hil da koronabirusaren ondorioz. 

Eider Mendoza foru bozeramailearen arabera, kutsatze maila “egonkortzen” ari da. Gaixotasuna gainditu duten adinekoen kopurua hazteak “itxaropenerako leiho bat” zabaltzen duela gaineratu du Mendozak. Haren hitzetan, ezinbestekoa da “zuhurtziaz eta arduraz” jokatzen jarraitzea eta segurtasun neurri guztiak jarraitzea, “zaurgarrienak diren pertsonen artean eragina ahalik eta txikiena izateko”.