Lana bilatzeko zerbitzua indartu du UKUEk

Baleike 2020ko api. 23a, 16:46

Gertuko aholkularitza profesionala eskainiko zaie lan bila dabiltzan herritarrei. Udal elkartearen arreta zerbitzua martxan dago.

Urola Kostako Udal Elkarteak bere baliabide guztiak bideratu dizkie eskualdeko eskualdeko enpresa, ekintzaile eta herritarrei, krisi-egoerak sortutako kalteen aurrean ahalik eta babes, aholku eta laguntza gehien izan dezaten. Hala, Garapen Agentziako zerbitzu guztiak buru-belarri dabiltza.: eskualdeko enpresa, ekintzaile eta bestelako eragile sozioekonomikoei bideratutako plan ekonomiko integral bat osatzearekin batera (datozen asteetan emango dute horren berri), langabeei eta lan bila dabiltzanei begirako zerbitzua indartu du.

Egungo egoeraren haritik, jarduera ekonomikoaren etenak nahitaez eragingo du langabezian eta UKUEren esanetan, "garrantzitsua da, susperraldiari begira, langabezian dauden edota lan bilaketan jarraitzen duten herritarrei gertuko aholkularitza profesionala eskaintzea".

Jendaurreko aurrez aurreko jarduera bertan behera geratu bada ere, hauek dira udal elkarteko enplegu teknikariekin zuzenean harremanetan jartzeko bideak: 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta, lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora idatzita edo online bilerak hitzartuta, aurrez posta elektronikoz idatzita.