Gurasoekin erosketak egitera atera ahal izango dira 14 urtetik beherakoak

Baleike 2020ko api. 21a, 17:37

Astelehenetik aurrera, helduren batekin erosketak egitera, farmaziara edo banketxera joan ahal izango dute umeek. Espainiako Gobernuak gaur eman ditu gaiaren inguruko xehetasunak, Pedro Sanchezek joan zen zapatuan umeek kalera ateratzeko baimena izango zutela esan ostean. Dena den, haurrek ezingo dute paseora edo kirola egitera atera.

Haurrek astelehenetik aurrera kalera ateratzeko aukera izango dutela iragarri zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak joan zen larunbat gauean. Neurri horrek hainbat eta hainbat gurasok egindako eskaerei erantzuten ziela zirudien, baina Espainiako Gobernuak gaur emandako informazioak itxaropen hori zapuztu egin du hein handi batean. Izan ere, gaur eman ditu gaiaren inguruko xehetasunak Maria Jose Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak.

Sanchezek iragarri zuen moduan, umeek egin ahal izango dituzten irteerak "mugatuak" izango dira, eta beraz, 14 urtetik beherakoek etxetik ateratzeko aukera izango dute astelehenetik aurrera, baina gurasoekin edo egunerokoan bizi den pertsonarekin irten ahal izango dute erosketak egitera, farmaziara edo banketxera joateko soilik. Hain zuzen ere, alarma egoera ezarri zenetik baimenduta dauden irteeretan gurasoei laguntzeko aukera izango dute horiek, baina ez dute kirola egiteko edo paseoan ibiltzeko paradarik izango. 14 urtetik gorakoek, berriz, erosketak egitera irten ahal izango dute beren kasa.

"Badakigu arintzea partziala dela. Haur gehienak etxean egon dira, eta kutsatuta egoteko arriskua oso txikia da". Dena den, irteerek kontrolatuak izan behar dutela esateaz gain, gurasoei "arduraz" joatzeko eskatu die Monterok. Hark gogorarazi du higiene neurriak hartu eta segurtasun tarteak bete behar direla, baina adierazi du maskarak erabiltzea ez dela beharrezkoa izango, haurren kasuan ez direlako hain eraginkorrak. Gainera, umeek beraiekin bizi ez diren herritarrekin izan ditzaketen harremanak "saihestu" beharra dagoela azpimarratu du Monterok.