Elkarrizketak

Xabi Aizpurua: "Ikasiko dugu moldatzeko gaitasun ikaragarria daukagula egoera aldrebestu arren"

Baleike 2020ko api. 7a, 08:08

Zumaiako Herri Eskolako irakaslea da Xabi Aizpurua. Martxoan eskola guztiak itxi zirenetik, ordenagailutik ordenagailura irakasten die euskara DBH1eko ikasleei. Ikasleekin harreman zuzena izatea faltan botatzen du, baina konforme dago orain arte lanerako erakusten ari diren jarrerarekin eta ez du uste ikasturtea galdutzat eman behar denik.

“Etxeetan gurasoak sekulako lana egiten ari dira ikasleek eguneroko diziplina eta martxan eraman dezaten”

 

“Hezkuntza eskubide bat da eta, itxialdi honetan ere, eskolak eskubide hori bermatzeko baliabideak jarri ditu. Adibidez, etxean ordenagailurik ez duten ikasleei eskolak utze die bana, etxean lan egin dezaten”

 

“Bideoak bidaltzen dizkiet ikasleei azalpenekin eta egin beharreko lanekin; horrez gain, eskolako orduan konektatzen gara, ikasleekin hitz egin, zalantzak argitzeko edota lanak egiteko”

 

“Gelan ikasleekin sortzen den zuzeneko harreman hori, sokatira hori gustatzen zait; ordenagailu bitartez zaila egiten zait beraiekin konektatzea lehen bezala”

 

“Tele-hezkuntzak ezin du betiko eskola ordezkatu, egingo duena da osatu”

 

“Trebeak diren ikasleek akaso lan gehiago egingo dute etxean, denbora hobeto aprobetxa dezakete eta distrakzio gutxiago izango dute. Kontua da, gaitasun akademikoez gain, eskolak bizitzen ere erakusten du eta horretarako elkarrekin bizi behar da, elkarren ondoan eta elkarren kontra”

 

“Martxa honetan ikasturtea bukatuko dugu bainu-jantzitan, etxeko dutxan bainua hartzen hondartzan hartu beharrean”

 

"Klaseak ez ditugu bertan behera utziko, baina ikasturtearen trontzo zabalena etxetik egingo dugu”

 

“Lanari dagokionez ez dut uste lan gutxiago eginda amaituko dugunik; ikasleak aktibo ikusten ditut eta lanak ondo egiten"

 

“Ikasiko dugu moldatzeko gaitasun ikaragarria daukagula egoera aldrebestu arren; eskolak itxi arren mundua ez dela erortzen; ikasiko dugu hezkuntza eskubide bat dela eta hori bermatzeko baliabide publikoak jarri behar direla”