Eusko Jaurlaritzak esan du 17.000 lanpostu suntsituko direla osasun krisiaren ondorioz

Baleike 2020ko api. 4a, 13:11

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabarako aurreikuspenak dira, gaur Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak emandakoak. Barne Produktu Gordina (BPG) % 3,6 murriztea ekarriko du horrek.

 

Ekonomiari kalte handia egingo dio osasun krisiak. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak datu zehatzak eman ditu gaur: 17.000 lanpostu suntsituko dira, eta ondorioz, Barne Produktu Gordina (BPG) %3,6 jaitsiko da. Krisiaren aurretik, jaurlaritzak aurreikusten zuen BPG %1,9 haztea eta 11.500 lanpostu sortzea. Langabezia tasa %9,6 puntuan geldituko zela aurreikusten zuen.

Datorren urterako, ordea, aurreikuspena ona da: 15.000 lanpostu sortzea espero du Azpiazuk, eta BPG %2,6 haztea.

Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du ezinbestekoa dela aurrea hartzea COVID-19aren bilakaeraren arabera eman daitezkeen agertokiei. Eta gaineratu du, horregatik hiru alorretan hartu direla erabakiak: alde batetik, sektore publikoaren likideziari dagozkion erabakiak daude, enpresen likidezia bultzatzeko; bestetik, diru-sarrerei dagozkienak, ekonomiaren bilakaera eta erantzuteko malgutasuna kontuan izanda; eta hirugarrenik, gastu publikoari buruzkoak.